audio elektro & sugar ray luis
hurrengoa

MASTERS AT WORK

Latin Sounds · Verve / Universal

Aparta da Masters at Work bikoteak beraien ibilbidean zehar jaso duten eragina giro latinoen eskutik. Hori horrela izanda, ez zaigu arraroa egiten honelako bilduma eskuratzea. Verve diskoetxe mitikoaren katalogoan murgildu dira eta Willie Bobo, Dave Pike edo Cal Tjader-en abestiak berreskuratu dizkigute besteak beste. Horretaz gain opari bat ere badakarte: Willi Boboren “La descarga del Bobo” abestiaren moldaketa, latin never dies!

hurrengoa

ZEIN?

Photograma · Metak.

Ohiko distortsioari, pop melodiak batzen zaizkio talde bizkaitarraren bigarren lanari. Hitzei dagokionez itsasoa, bidea eta ihes egiteari erreferentziak. Sarrionaindiak aipaturiko bazterturiko fotogramen aurrean gaudela dirudi Photograma diskoan. Garai bateko Ama Say eta egungo Zein? jarraitzaileentzat beharrezkoa eta ezagutzen ez dutenentzat gitarra eta melodia berezi hauetan murgiltzeko disko aproposa.

hurrengoa

MOUSE ON MARS

Radical Conector· Thrill Jockey

Alemaniarren lan berriak maiteminduta nauka eta zuk elektronika maite baduzu, berdina gertatuko zaizu. Atzera egiten dugu denboran eta duela 11 bat urte Death Metal kontzertu batean aurkitzen ditugu bi partaideak (Andi Toma & Jan St. Werner), bertan ezagutu eta sortu zuten taldea. “Radical Conecto” talde alemanaren beste aurrera pausu eta ikerketa bat da doinuen bilakaeran, oraingoan ahotsen laguntzarekin gainera: kantu guztietan entzun daitezke modu batean edo bestean. Biba death metala!

hurrengoa

RAZZMATAZZ

vol. 04 · Sinnamon records

Jakina da rocka bueltan dela, modan dagoela. Horren lekuko dugu hemen aurkezten zaigun bilduma lan hau eta Bartzelonako Razzmatazz aretoan entzun daitezkeen doinuak biltzen dituena. Razz Club txokoan ibiltzen den dj Amablek aipatutako doinuen hautaketan maisu lana egin du, elektronika edo pop giroei ere ateak irekiaz. Betiko bandak: Primal Scream, Super Furry Animals, Moby vs. Prince Superstar; azkenaldian ezagun egin direnak: The Thrills, The Vines, The Libertines edo ezkutuko maitaleak: Das Pop, Avril, !!!,... haiek dioten moduan do the rock, barkatu, do the razz!