Amboy Dukes
The journey to the center ot the mind·mainstream records
Taldea 1965ean sortu zen, Detroiten, eta hiru urte beranduago sortu zuen psikodeliaz betetako eztanda hau. Belaunaldi baten ereserki bilakatu bazen ere, gurean ez da horren ezaguna izatera iritsi. Ted Nugent gitarrajoleak sortutako riff pozoitsu kutsakorrek markatzen dute erritmoa. Lurraren erdialdera baino, burmuinaren erdialdera egindako bidaia da, lisergikoa eta itzulera gabea.
Steppenwolf
Born to be wild·mca
68. urteko kantu hau Steppenwolf-en lehen estudioko diskoan aurki daiteke. Motorzaleentzat ezinbesteko erreferentzia, Easy Rider filmeko kantu nagusian “motorra martxan jarri eta autobidean abiadura bizian” sartzeko gonbitea luzatzen digute. Askatasunari eta errebeldiari abesten diote, eta, horretarako, errepidea, abiadura eta motorrak ezinbestekotzat dituzte.
Rolling Stones
Route 66·decca
1946an Bobby Tropek sortu eta Nat King Cole-k moldatutako klasiko hau, 1964an Rolling Stones-ek jo zuen estudioan lehen aldiz. Talde britaniarrak garai hartan erakusten zuen rythm & blues-aren aldarrikapenaren erakusgai argi bilakatu zen. Estatu Batuetako poztasunak eta miseriak zeharkatzen dituen errepide mitikoan barrena doan bidaia da.
Daft punk
around the world·virgin
Bizi garen XXI. mende honetarako sortutako kantu honek garai berri bat markatu zuen eleketronikan. Itxura robotikoaz azaltzen diren Guy-Manuel de Homem-Christo eta Thomas Bangalter-ek, 1997an, pieza aurrerakoi hau erakutsi ziguten “Homework” lanean. Laser eta kolore distiratsuz beteta dago, “2001 Space Odissey” dantzalekura eraman balute bezala.
Iggy Pop
The passenger·rca
Bidaia luzea da Iggy Popek hemen proposatzen diguna. Estudioko bakarkako lan honetan leihotik begira dago, hiriaren argien eta distiren babesa bilatzen duela aurrera egiteko. Bidaia hipnotikoa, David Bowie adiskidearen laguntzaz sortu zuena. 77an argia ikusten hasi zen Iggy Pop, askatasunaren eskutik. Disko honetan "Lust for life" klasikoa aurkituko dugu.
Family
Viaje a los sueños polares·elephant
Javier Aramaburu eta Iñaki Gametxogoikoetxeak osatzen zuten Family talde kaleratu zuen "Un soplo en el corazón" diskoa lan ia mitologikoa bihurtu da pop zaleen artean. Eurak izan ziren ondoren etorri zen uholdearen oinarri eta sustraia. Disko honetan gordetzen den bitxietako batek "Viaje a los sueños polares" du izena, eta urteetan irrati saio oso ezagun bati eman zion izena. Ezinbesteko kantua honelako zerrenda batetan.