hurrengoa
beltzaren koloreak    literatur genero ilunenaren lerroetan bidaiatuz Hard Boiled America
Nobela beltzaren jaioterria AEBak dira. Beste herrialdeetan sortu zirenak, korronte honi jarraiki edo kontra eginez sortu ziren. 20eko hamarkadatik aurrera, narrazio popularretan, detektibeak eta poliziak protagonista bihurtu ziren. Pertsonaia bakarti eta erreboltariak gehienetan, sistema ipar amerikarraren indibidualismoaren lekuko zuzenak ziren. Emakume askok, besterik ez bada bizitzan behin maitatu nahi duen gizon zigortzailearen eredua nagusitzen da nobela beltz amerikarrean. Emakumeak idazkari edo femme fatale paperen artean aukeratu behar du. Nobela beltz ipar amerikarretan indarkeria izaten da ardatza. Biolentzia bi norabidetan justifikatzen da: gaiztoek euren gaiztakeria adierazteko erabiltzen dute; legearen defendatzaileek, oreka mantentzeko eta gaiztoak menperatzeko. 60eko hamarkadan detektibe eleberrien gainbehera iritsi zen. Guda hotzaren errealitate berriak kanpoko etsaiaren aurka borrokatzen zuten espioien aroa ekarri zuen. Egileak: Raymond Chandler, Dashiell Hammett, Horace McCoy, Jim Thompson, Elmore Leonard, James Ellroy, Michael Connelly, Phillipe Kerr...

Frantzia ̈"polarra"
1945ean Gallimard argitaletxeak Serie Noire izeneko saila sortu zuen, genero horri hasera emanez Frantzian. “Policier” hitzak eman zion "polar" ezizena generoari. 70eko hamarkadan, AEBetan hippyen eta beatnick-en orbelak guztia estaltzen zuen bitartean, Frantzian loraldi berria bizi zuen nobela beltzak. ̈"Polar" izenez ezaguna zen literatur genero hau Frantzia ̈"ofizialarekin" zerikusirik ez zuten hiri inguruetako auzoetan, portuetan eta glamourrik gabeko eremuetan gauzatzen da. Nobela urbanoa da nagusiki, etorkinek eta instituzioen korrupzioak osatzen dute paisaia. J. P. Manchettek, 70eko hamarkadan eman zen neo-polar nobelen bultzatzaile nagusia izan zenak, ongi deskribatzen du generoa: “Frantziako nobela beltzean, errealitatearekin antza handia duen harreman-joko susmagarri batean, politikariek eta gaizkileek bat egiten dute". Egileak: J. P. Manchette, Didier Daeninckx, D. Pennac, J. François Vilar, T. Jonquet, Yasmina Khadra...

Latinoamerikako errealitate iluna
Raul Argemi idazle argentinarrak dio Latinoamerikako nobela beltzaren berezitasuna justizia kontzeptuan ardazten dela. AEBetan eta Europan, generoa kontserbadoreagoa izaten da sistemaren justizian sinisten delako, Latinoamerikan ez bezala. Latinoamerikan, nobela beltza are beltzagoa da, injustiziaren sustraietara bideratzen zaituelako. Fritz Glockner idazle mexikarrak honela dio: ̈"nire herriko literatura beltzean ez dago detektiberik, justizia ez delako balio baikor bat; polizia mexikar bat, izatez, ez delako inoiz pertsona on bat". Bigarren berezitasuna: politika. Latinoamerikako idazleek herrialdeen gizarte eta ekonomia egoerari erreparatzen diote, eta ideologiak eta politikak beste inongo literatura beltzean baino presentzia nabarmenagoa dute. Egileak: Elmer Mendoza, Rubem Fonseca, Paco Ignacio Taibo II, Poli Délano, Ramón Díaz Eterovic, Luis Sepúlveda, Sergio Gómez, Marisol LLano, Lens Espinosa, Leonardo Padura...

Beltza eremu zurietan
Best Seller bihurtu dira paisaia zuri eta hotzetatik datozen eleberri beltzak. Kontzientzia sozial handiko eta moralaren defendatzaile ageri dira iparraldetik datozen detektibeak eta polizia inspektoreak. Herrialde ̈garatuetako ̈ egunkarietan egunero azaltzen diren gaiak topatzen dugu liburuotan: sexismoa, arrazakeria, migrazioa, ekologia... Baina Europako iparraldetik datorren nobela beltzean, garrantzitsuena, ongizate estatuaren arrakalak erakusteko eta elur zuriak estaltzen eta izozten dituen miseriak agerian uzteko joera da. Desengainuaren kutsuaz baliatuaz, AEBetako nobela beltzetako pertsonaiekin bat egiten saiatzen dira, baina, gehienetan, Eskandinabiatik datorren nobela beltza egun bizi dugun zuzentasun politikoaren adierazlea eta ordezko moralista dela esan genezake. Egileak: Henning Mankell, Stieg Larsson, Camile Läckberg, Anne Holt, Karin Fossum, Christian Jungersen, Arni Thorarinsson, Lars Gustafsson...