hurrengoa
andrea crews, bigarren eskua deuxiéme main second hand segunda mano uxeta labrit   I  andrea crews / consonni Janzten dugunaren arabera kokatzen gaituzte gizartean edo gizartean kokatuak izateko janzten gara?
Zer janzten eta nola janzten dugun ikuspuntu ezberdinetatik aztertu daiteke (soziala, antropologikoa, filosofikoa,...) baina gure eta gurearen moduko aldizkarietan, alderdi komertzial eta petardoa azalarazten da gehienetan. Moda sailetan, "Corporación Dermoestética" zigilua duten ar eta emeei ateratako argazki fashion eta politez bete eta amaitu dugula iruditzen zaigu. Eta estetikaren apologia hutsal hori ez bazaigu berez gaizki iruditzen, tarteka, Andrea Crews kolektiboaren "Segunda Mano" gisakoekin topatzea ilusio berezia egiten digu, ikuspegi berriak irekitzen dizkigulako.
Nor da Andrea Crews?
Segunda mano 1998 urtean sortu zen, Bordelen, Arte Ederretako ikaslea zen Maroussia Rebecq-ek, jatetxe batetan, birziklatutako arroparekin egindako bilduma baten desfilea eta enkantea antolatu zuenean. Maroussia eta kideak, Andrea Crews izenarekin sinatu zuten euren proiektua. Andrea Crews proiektu eta markaren atzean dagoena sinple eta era berean anbiziosoa da: bigarren eskuko arropak lehengai gisa erabilita jantzi bilduma bat egitea. Horretarako baztertua izan den arropa jaso, josteko makinak eta bestelako tresnak lortu eta guzti hauen inguruan diseinatzaile eta estilistak biltzea izaten da oinarria.
"Deuxieme main" gogoeta-ekintza proiektu bat da. Bertan sormena, lan humanitarioa eta ekonomi sare berriak uztartzea bilatzen da. Ongizate gizarte berak sortutako soberakinekin itzalean dagoen gizarte horren aurpegia agerian geratzen da. "Segunda Mano" proiektua Consonniren eskutik datorkigu Bilbora. Consonnitik dioten bezala, " gaur egun marka handiek beharrak sortu eta eurak bakarrik ase ditzaketela sinestarazten digute. Andrea Crews fenomeno horiek agerian uzten ditu zuzeneko oihartzun soziala duten proposamen alternatiboen bidez. Agerikoa hankaz gora lagatzen du; erreziklatzea jartzen du kontsumo eroaren aurrean; sistema humanitarioa aldarrikatzen du, izatearen estetika printzipio bat biltzen duen ekintza modua". Argi dago, egun, gure egin ditugula ongizate gizarteak ezarritako ¨beharrak¨. Bestela hau irakurtzen duzun bitartean soinean daramazunari erreparatu. Honekin ez dugu guztiok pairatzen dugun alienazioa salatu nahi. Gizartean bizitzearen ondorio naturalak dira. Kontua ez da Pol Pot-en jarraitzaile bihurtu, jantzi eta erlojuak erre eta bizitza bizigarriagoa egiten duten luxu eta tontakeriei uko egitea. Baina haien inguruan modu aktibo batetan hausnartzeko tresna eskaintzen digu "Segunda Mano" proiektuak.

Bilbao Solo
Proiektuaren mamia bigarren eskuko arropak birziklatzea eta eurekin bilduma berezia egitea izanik, proiektu hau era ezberdinean garatzen dute toki ezberdinetan. Oinarria bera izanik, Mexikon, Indonesian, Berlinen edo Parisen landutako proiektuek osagarri bereizgarriak dituzte. Bilbokoak, Bilbao Solo du izena. Proiektua gauzatu aurretik, Maroussia Rebecq-ek Bilbora bisita egin eta bertako estilista eta diseinadoreak ezagutzeaz gain hiria arnasteko aukera izan zuen. Kontaktu horren emaitza proiektuaren izenburua. Bilbao Solo. Hiriko karitate elkarteen laguntzaz, erabilitako 2 tona arropa jaso eta Andrea Crews-ek zuzendutako jostun taldeak, irailaren 12an hasi eta astebetez arropa guzti hau erreziklatu eta bilduma sortzen jardungo da. Tailer hauetan artista, jostun, diseinatzaile eta lan egiteko gogoa duen edonork parte har dezake. Diseinatzaile ezagun batzuk ere parte hartuko dute, besteak beste, Miriam Okariz, Ion Fiz, Ailanto, Alicia Rueda eta Angel Vildak euren presentzia baieztatu dute. Lana amaitu eta irailaren 26ean aurkeztuko da bilduma Erriberako merkatuan Modorrra jaialdiaren bigarren edizioan.
Ekimen irekia da ¨Segunda Mano¨. Jendearen parte hartzea irekia da arropa tailerretan, Modorrra jaialdi bertan, bai eta Bilboko moda dendetan, tailerretan sortutako jantziak salgai jartzerakoan.

Info gehiago eta izen emateko (bisitak merezi du):