hurrengoa
musika irratian, epe luzeko kreditua asier leoz   Musikari begira, udak interes gutxi dauka askorentzat. Iraileko diskoak iritsi bitartean, jaialdietan izaten dute gakoa. Euren lana udako kantu bihurtu nahi dutenentzat berriz, urteko momentua da hau. Edozein kasutan, musika ulertzeko modu desberdinek irratia dute lagun aproposa, orain 50 urte bezalaxe. “video killed the radio star” mitoa
Telebista irratiaren garapenetik sortu izanak etengabeko alderatzeak eragin ditu bi mundu hauen artean. Telebista agertzearen ondorioz irrati gidoilari belaunaldi bat atera zen entzunezko medioari egundoko aurrera pausoak ematen lagundu ziona.
Hodi katodikoa etxeetan indartu ahala irratia ordura arte zuen toki protagonista galtzen joan zen. Irratia gehiago aldatu zen (baita entzulea ere) eskuko irratiak lehendabizi eta gero walkman-ak iristerakoan. Irratiko esatariaren eta kaleko entzulearen arteko erlazioan berebiziko eragina izan zuen urrats honek. Lehen aldiz, entzuleak bere espazio intimoan sartzen uzten dio esatariari, eta honek berari bakarrik hitz egiten dio. Honi buruz hausnarketa interesgarria dugu Michael C. Keith adituaren “Talking Radio: An Oral History of Radio in the Television Age” liburuan (Armonk, NY: M.E. Sharpe Publishing, 2000).
70eko eta batez ere 80ko hamarkadek telebista ezarri zuten gertakari garrantzitsuak hurbiltzeko arduraduna, baina orduan ere irratiak haren hutsuneak betetzen zekien. Buggles taldearena kantu ederra zen, baina egun argi dago bideoak (edo telebistak) ez duela akabatu irratiko izarra.
Irratia iritzi publikoa sortu eta aldarazi egiten duen medio nagusien artean dago. “Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du” esaldiari buelta emanez, gaur egun hitz batek mila irudik adina balio dezake, une eta testuinguru egokian esana... edo isildua.
Egin diren ikerketen arabera, irrati entzule portzentaia txiki batek bakarrik ez dauka inongo preferentziarik irrati katea aukeratzeko orduan. Zapping delakoa, telebistaren mamu beltza, ez da ia existitzen irratian. Bestalde, irrati bat edo bestea hautatzeko faktorea, oraindik ere, saioak egiten duen musika aukeraketa da, FMak hasi ziren egunean bezalaxe.

Iraultzaren kronika hitz gutxitan
60ko hamarkadan irratiak musika saio gutxi zuen. FMak sortzearekin batera, komunikatzeko beste modu batzuei heldu zitzaien. Aldi berean, musika kalitate hobez entzuten hasi ginen, frekuentzia berriei esker. Hona hemen jauzi nabarmena; gakoa ez da bakarrik zer entzuten den, baita nola entzuten den ere (eta entzuleak ez du hortik behera eskatuko).
80ko hamarkadak CDaren sortzea dakar. Soinu digitala gure bizitzan lehen aldiz sartzen da eta irrati formulak hasten dira sortzen. Hauek komunikatzaile soslaia berri bat ekartzen dute (Dj-arena). Irratiak eta musikak zuten lotura sendoa are gehiago indartzen da. College Radio fenomenoaren eskutik R.E.M bezalako taldeak ezagutarazten dira. Sormen krisialdia hamarkada amaieran iristen da, akaso industriak interes handiagoa duelako etxean dauzkagun LP guztiak CD bihur ditzagun produktu berrietan baino.
90eko hamarkadan ordenagailuak etxeetara iristen dira. Musika da (sexuaren ondoren) nabigatzaile gehien jasotzen dituen gaia. Pay To Peer moduko programek iraultza ekartzen dute. Punk garaiko “Egizu zeure kasa” leloa indarberritzen da teknologia berriek emandako laguntzari esker, eta maketaren eta diskoaren arteko mugak ikusezinak bihurtzen dira.
Irratiari begira, musika saio egilearen soslaia ere aldatzen doa. Errealizazioak garrantzia handia hartzen du. Esatariak formazio hobea behar du eta musikarekin bat egitea ordura arte ez bezala, erritmoa eta kantuaren tempoa abeslari batek bezain beste kontuan edukiaz. Izan ere, esataria abeslari bihurtzen da nolabait. Irrati formulak kantu klase espezifiko bat ere eskatzen du. Hiru edo lau minutuko bataz besteko iraupena eta formula beraren izaerarekin bat datozen egiturak. Zenbat eta gehiago espezializatu, eskaintza orduan eta uniformeagoa bihurtzen da eta azken emaitzak dinamika aldaketa minimoak ematen ditu irrati klase honek erritmo eta melodia gorakada eta jaitsiera gogorrak ekiditea beharrezkoa duelako.
Musikariarekiko harremana ere aldatuz doa, azken honek irratiaren neurrirako kantuak egitea duelako bere musika zabaltzeko erarik aproposena. Honek zeresanak eragin ditu beti, Korn talde amerikarrak bere azken bideo lanean ederki asko islatu dituenak musikariari singleak egin araztea askatasuna kentzea dela adieraziz. Eztabaida ez da atzo goizekoa eta ez du gertuko amaierarik.

Musika irratian, azken aterpea?
Telebista generalistan musika ez da existitzen. Bere bila dabilenak hobe du iragarkietara jotzea, bertan izango du eta musikaren erabilera berrien isla. Publizitate mundutik at ordea, musikak kate tematikoetan du irtenbide bakarra (MTV kasu) edo, jakina, irratian. Bestalde, ikustear dago azken urteotan haurrak irratitik baztertu izanaren eragina, baina lehen irakurketa batek etorkizuneko entzulea ez dela ohituratik etorriko esaten digu argi asko, gaur egungo irratian ez zaiolako tokirik utzi. Akaso telebistaz nazkatuta helduko dio irratiari. Edozein kasutan, une egokia izan daiteke Norman Corwin antzerki autoreak 1939an (telebista oraindik iristear zegoela) estreina eman zuen obraren izenburua: "Seems radio is here to stay". Ez da gauza gutxi.

Etorkizuna
Une honetan D.A.B. (Digital Audio Broadcast) sistemaren atarian gaude. Batzuk porrot egin duela esaten aurrea hartu duten arren, irrati digitala benetan iristerakoan zer gertatuko den ikustear dago. Oraindik hargailuak oso garestiak dira gurean, baina arazo nagusia bestelakoa da. Emisio digitala egiteak gastu handia dakar irratiarentzat eta onurak ez dira erraz ikusten. Irratia digitalean hartzen duenak askoz kalitate hobea jasoko du baina, eraginik izango al du honek irrati entzule kopuruarengan? Entzule bihurtuko al da orain arte irratirik entzuten ez zuena? Zalantza hau oztopo izan du sistema berriaren garatzeak baina, adituen ustez, hau ere iritsiko zaigu epe ertainean.