• 1
  • 2
hurrengoa
zoologikoak dira pospolo kaxak odlok   I  oskolume Kornelio Etxeberriari pospolo bilduma atzeman zion ertzaintzak. Mundu osoan bildutako pospolo kaxak zituen Korneliok ginebra botilak gordetzen zituen etxeko armairuan. Kornelio Etxeberriak epaitegian egindako deklarazioa:

"Zoologikoak dira pospolo kaxak, eta pospoloetan ezkutatzen dira animaliak. Ba al zenekiten hori? Kaxetan preso sartzen dituztenean, pospoloetan ezkutatzen dira, ihes egiteko aukeraren zain. Zoologikoak dira pospolo kaxak.... mundu guztiak daki hori... animaliaz beteta daude pospolo kaxak. Ni animali horiek askatzen saiatzen naiz. Kaxatik banan bana atera eta piztu egiten ditut. Eta batzuetan suak enara bat marrazten du, beste batzuetan lehoi bat edo zakur bat edo papagaio bat edo... eta nik piztu eta basoan askatzen ditut. Besterik ez..."

Kornelio Etxeberria 6 urte, 2 hilabete eta egun bateko kartzela zigorra betetzen ari da 20 hektarea baso erretzeagatik. "Piromano" ezizena jarri diote ziega kideek eta barre egiten dute bere kontura "eta zergatik ez gaituzu zure pospolo horietako batean ezkutatzen kaxa honetatik ihes egiteko?" galdetu dio batek. Kornelio Etxeberria pentsakor geratu da... eta baietz, egunen batean lagunduko diela esaten die serio-serio... ziega kideek barre egiten dute. Kornelio Etxeberriak ere irri imintzio bat egiten du, eta jarraian zera esaten dio bere buruari "baina lehendabizi, gauren batean, ziegako koltxoian ezkutaturik dagoen elefantea askatu behar dut".