PIXIES
Wave of mutilation · 4AD
Zaila da Pixies danbatekoak 80ko hamarkada amaiera lokartuari eman zion zaplastakoa neurtzea. 4AD zigiluak argi dauka zein izan zen euren altxorra, eta ez du bostondarren itzulera pasatzen utziko. Horrela uler daiteke bost diskoko talde batek jada bi errekopilazio izatea, hauxe azkena. Oraingoan 23 abesti dakartza, gutxi gora behera kronologikoki jarrita Pixies izan zen inpaktoa hobeto adierazteko, eta bi B alde berreskuratuta. Hau izan zen Pixies, halako batean musika ezezagun eta berri baten amildegian kokatu gintuena, eta bataz besteko hiru minutuak pasata, saltatzeko gogoz utzi.
BLONDE REDHEAD
Misery is a butterfly · 4AD
Disko hau zuk bakarrik ezagutzea nahiko zenuke. Baina modernitateak, mila tranpa dauzkan mamuak, ezinbestekoen artean kokatu du Blonde Redhead, ez da harritzekoa: japoniar bi neska tartean (arte ikasleak) produkzioa Fugazi ohi baten esku eta lotura zuzena Sonic Youth eta The Posies lagunekin. Kontuak atera... Gainera, diskoa uneko moderno eta metrosexual konbenzituei uztera zoazenean, entzun eta kantu bikainekin egiten duzu topo, egitura zaindua eta bizia dutenak. Hau gutxi balitz Maki-ren ahotsak emozioa transmititzen daki... honek ez dauka bueltarik, “Misery is a butterfly” ezinbestekoa da baita zuretzat ere.
THE BETA BAND
Heroes to Zeros · Astralweeks
Euren lanekin pozik ez gelditzea ohitura dutenez, ekoizpen lan guztia berea egin dute orain, The Beta Band unibertso aberats eta kaotikoa ondoen ezagutzen dutenak dira eta. Errealitatea berbera dugu denok, eta agintarien jarrera makurrak, gerra eta abar edukian islatu dute musikalki ere agresiboa atera den lan honetan. “Assessment” singlea esate baterako, gitarra indartsuetan abiatu eta metalez kargatuta amaitzen da Spiritualized-en ohizko laba isurtzeen modura. Steve Mason-en ahots partikularra muina dute Betamax zale hauek, baina pisu handia daukate ere samplerrek, tarteka The Flaming Lips-en eremura begira.
THE STREETS
A grand don’t come for free · Locked on
Hogeita bi urteko Mike Skinner bazter guztietan azaldu zen 2002an. Arrazoiak, “Original pirate material” bikainak, elektronika mikroskopikoa jostailu egiten zuen gazte honek hain berezia duen flow horretan abiatuta. Diskoa azken urteotako disko intersgarrienetakoa izan da, eta berriak ez du gainditu. Badauka bere grazia lan honek (“Fit but you know it”, John lee Hooker-en moduko riff-a Nintendo mundura eramaten duena oso jostagarria da), baina zaila da lan berrian aurrekoan entzun ez genuen zerbait topatzea. “Stay opositive” zioen orduan. Hel diezaiogun horri, eta giza harremanak erretratatzeko duen aparteko gaitasunari.