hurrengoa
the baldians 16-Django Reinhardt    1910. urtean jaio zen Belgikan, baina familia berehala abiatu zen Paris-ko kanpoaldeko kanpaleku batera.

12 urte zituela, Django gaztearen zaletasuna ikusirik, kanpalekuko ijito zahar batek banjo bat oparitu zion. Berehala trebatu zen tresna harekin, eta garaiko soinujole ezagunek (Guerino, Jean Vaissade) eurekin jotzera gonbidatzen zuten.

Frantziar ijitoa edo "manouche" bat zen, eta 20 urte bete zituen arte ez zuen etxe finkorik ezagutu. Bere lehen etxea (eta bakarra) karabana bat izan zen.

1928ko udaberriko gau batean, bere emazteak zeluloidezko loreekin apaindu zuen karabana. Django erretzaile sutsua zen, eta gaizki amatatutako zigarreta batek loreei su eman eta karabanak su hartu zuen segundu gutxitan.

Djangok eta emazteak bizitza salbatu zuten, baina Djangok erredura latzak izan zituen. Medikuek hanka moztu nahi izan zioten, baina ez zien utzi, eta ezkerreko besoa eta eskua betirako uzkurtuta geratuko zitzaizkion. Gertakizun horrek gitarra jotzeko modu berri bat asmatzera eraman zuen.

Bere jotzeko erak iraultza handia ekarri zuen jazz musikan: ijitoen musika eta swing-a batu zituen, Manouche jazz edo Gypsy jazz-a sortuaz. Estilo horrek bide berriak ireki zizkion jazzari eta country musikari.

Djangok ez zuen inoiz idazten edo irakurtzen ikasi. Ez zion ezetzik esan ez alkoholari, ez zigarretei, ez eskura izan zuen emakume orori. 1953an zendu zen, garun infarto baten ondorioz.