audio ome & matxin
hurrengoa

HIM

Many in high places are not well

Beti nortasun berrien bila dabiltzan musikarien artean kokatzen ditugu H.I.M taldekoak, horregatik agian ez dira horren ezagunak. Finlandiako beste talde batek izen berbera erabiltzen du eta irrati, telebista eta aldizkarietan askoz gehiago azaltzen dira. Gu ordea, Chicago aldera hurbiltzen gara bertakoek eskaintzen duten erritmo aniztasun eta hausturen proposamenekin bat egiteko. Doug Scharin jaunadugu zazpi urte luzez musikaren komunitateari proposamen berriak ekartzen ari zaiguna banda honen gidaritzapean: dub, jazz, pop, rock, elektronika... dira taldearen ibilbidean zehar maisuki nahastuak azaltzen zaizkigun erritmoak, beti ere inprobisazioa ezinbesteko elementu bihurtuaz. Musikaren estandarizaziotik aldenduta dator “Many in high places are not well” lan berria. Ahotsak dira diskoa kolore eta aire berrietara daramatenak. Ez da entzuteko lan erraza, baina denborarekin diskoko zazpi kanten atmosferan sartuko zara eta seguruenik ez duzu berriz arnasa modu berean hartuko.

hurrengoa

AUDIENCE

Second Handed

Gernikako boskoteak bigarren lana dakar eskuartean. Nabari da gainera denborak euren doinuekin elkartu dituela, taldearen nortasuna gero eta argiago azaltzen zaigulako disko berrian. Lehen diskoan nabari genuen jada nondik nora zihoazen talde honek proposatutako doinuak, baina agian ez genituen ildo berean bilduak aurkitzen, oraingoan ordea ikaragarrizko lana sumatzen da kanten ekoizpenaren atzean, eta lan berria urteko ezinbesteko erreferentzien artean kokatzen dugu. Hamar abestik osatzen dute “Second handed”, horietako bat euskaraz eta beste guztiak ingelesez. Rock, country eta hardcore ukituak alderdirik gordinenean azaltzen zaizkigu lan berri honetan: “Go home (Sweet hole)”, “Ten times” edo “Beste zeruaren azpian” kantuetan sentitu dezakegun bezala. Talde honen dotorezia gainera “”Second hand” kantuaren bi bertsioetan edo “You could be shot” abestietan besarkatu dezakegu. Lan borobila gernikarren bigarren hau.