hurrengoa
"loturik" dauden islands    Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak: “25 urte 25 years 25 ans 25 años 25 anni 25 jahren”

Zerotik hasita –zeroa mundua bezain borobila baita– hizkuntza bat ikasteko asmoz ikasgelan sartzen garenean berriro ispiluaren aitzinean paratzen dugu geure burua. Eta eguneroko gauzak indar bereziaz berritzen dira gure barruan, musika ezberdinez: Ni naiz, I am, Je suis, Yo soy, Io sono, Ich bin...
Beheititik goitira begiratzen diogu geure soinari: oinak, feet, pieds, pies, piede, FüBe. Eta ondoren: hankak, legs, jambes, piernas, gambe, Beine... Noraino? Burura, head, tête, cabeza, testa, Kopf... Eta polliki-polliki handitzen goaz. Abestiak bezala: “handitzen, handitzen”.
Aniztasun ikaragarri honek izutzen ahal gaitu eta agian “cappogiro” izaten ahal dugu, baina eskuratu berri ditugun oin berri hauekin gauza bagara xendaz eta harri koxkorrez beterik dagoen bidetik ibiltzen, gauza harrigarriak ikasiko ditugu, izan ere, bidean hartuko ditugun liburu, historia, iruzkin eta bestek gauza argi bat aditzera emanen digute: hizkuntzek gauza anitz dute amankomunean. Esaera zaharrek eta atsotitzek horrela adierazten dute argi eta garbi. Hipokritak direnei »loturik« dauden islands zera esanen genieke “zozoak beleari ipurbeltz” ingelesez “Pot calling kettle black” dena edota “egia da latz eta garratz” (“The truth hurts”). Beti zalantza dantzan dabiltzanentzat, aproposa litzateke: “Coger el toro por los cuernos”, ingelesez “Take the bull by the horns” edo ondoko hau “Burdina berotan jo behar da”, ingelesez “Strike while the iron’s hot”. Eta garai moderno hauetan, dena kable, dena makina bada ere: “Eroriz, eroriz ikasten da oinez”, ingelesez ere “You can’t learn without falling”.
Baina dagoeneko bada garaia gure alfonbra magikoa hartu eta gibelera eginez gelatik leihotik irteteko, gibelera hegan, ziztu bizian. Atzera so eginez bi irla agertzen zaizkigu. Hurbiltzean elkarren artean dituzten ezberdintasun arraroek atentzioa deitzen digute. Lehen irla oparoa da, baso eta oihan joriez bete-betea, kolore anitzez zipriztindua, aberastasun mugagabez hornitua. Bigarren irla, ordea, laua da, ia basamortua dena, bertako harkaitz zorrotzek ilunabarrean diz-diz bitxia egiten dute ortzi osoan.
Zer egin ez dakigula, itsasora salto egin dugu eta irlen arteko itsaso turkesak goxo eta busti besarkatu gaitu. Ondoren burbuilen nahasmahasak gure ezinegona handiagotzen du, baina emeki-emeki lasaitzen doa dena, itsasoa bare, bihotzaren pare, eta uretan murgilduz, itsaspera goaz, eta itsas azpian, egunen batean berriro erabiltzeko prest dauden hitz atzendu eta hitsek -galeoi zatiak bailiran- hartzen gaituzte. Forma arraroak dituzten hizki exotikoek itsasoaren sakonak ibiltzen dituzte aho baten bila. Eta azkenean itsas azpia jotzen dugunean, eta beste altxorren bila gabiltzala, zerbait datorkigu burura bat-batean, irribarrea sortarazten diguna: bi irlak loturik daude itsaspean. Bada garaia batzen gaituen aniztasuna ospatzeko.