hurrengoa
krakena, mitotik errealitatera elhuyar, beñardo kortabarria   Jatorriz, Krakena Eskandinaviako mitologiako irudi bat da. Tamaina ikaragarriko animalia da, itsas gainean oso gutxitan ikus daitekeena. Eta noizbait agertu bada ere, gorputzaren zati bat baino ez zaio ikusi, bi kilometro luze izatera ere irits daiteke eta. Tentakuludun piztia izuaren irudi bihurtu zen eskandinaviarren artean. “... gerrarako itsasontzi handienari hel diezaioke, eta eskifaia osoa berarekin urpera eraman” zioten eskuizkribu zaharrek. Dokumentu horietan irakur zitekeen Krakenak denbora luzea ematen zuela elikatzen, hilabeteak. Gero, atseden hartzen zuen, eta digestioa egiten hasi. Bere gorotzen usain gozora milaka eta milaka arrain hurbiltzen ziren. Atsedenalditik esnatzean, Krakena arrainez inguratua egoten zen, eta berriro jaten hasteko moduan izaten zen.
Norvegiako eta Finlandiako marinelak Krakenaren beldur bizi ziren; batzuetan txibia erraldoi baten itxura ematen zioten; beste batzuetan, olagarro itxura. Edozelan ere, erasoan margotzen zuten beti, itsasontziak hondoratu nahian.
Beste hainbat kasutan bezala, kondairaren bihotzean benetako animalia bat dago. Hondartzetan txibi erraldoien gorpuak azaltzen hasi zirenean, naturalistek jakin zuten itsasoan tamaina handiko animalia bat bizi zela. 1856. urtean Johannes Japetus Smith Steenstrupek izen generikoa eman zien erraldoiei: Architeuthis. Bataio horretarako, zoologo daniarrak 11,5 zentimetroko txibi-mokoa erakutsi behar izan zuen. Horrela, piztia mitologikoa zientzia-gai bihurtu zen.
Txibi erraldoiak, tamaina handiko harraparien oinarrizko elikagaia direla uste da, batez ere kaxaloteena. Izan ere, kaxaloteen azalean behin baino gehiagotan aurkitu dira txibien bentosen arrastoak. Kostaldean ere agertzen dira; hilda gehienetan, eta hilzorian batzuetan. Orain arte ez da txibi erraldoi bakar bat bizirik ikusi edo harrapatu, horregatik, beren biologiaz edo fisiologiaz ezer gutxi daki zientziak. Uste denez, txibi erraldoiek gaitasun gutxi dute oxigenoa garraiatzeko. Horregatik, tenperatura altuko eta oxigeno gutxiko uretan sartzen direnean, ito egiten dira. Terranova, Britainia Handia eta Eskandinaviako uretan sarri samar biltzen dira bi ezaugarri horiek.
Beraz, zientzialariek dakiten apurra hildakoetatik ateratakoa da. Diotenez, jaiotzerakoan txibi erraldoiek hiru milimetro neur ditzakete, eta baliteke haztean 20 metrora ere iristea. Horrek esan nahiko luke tona bateko pisua hartzera irits daitezkeela. Barne-belarrietako otolitoetako hazkunde-bandak ikertuta jakin denez, ehun kiloko Kraken batek bi urte izan ditzake. Hortaz, hazkunde-tasa altuena duen itsas animalia da. Bi milioi arrautza jartzeko gai dela eta, pentsa daiteke espezie oportunista dela.
Galderak, hala ere, ezagutzen dena baino gehiago dira: zertarako behar dituzte hain begi handiak —bizidunen artean dauden handienak— argirik ez dagoen tokietan? Nola ehizatzen dute? Nola egiten dute kideak aurkitzeko? Noiz ugaltzen dira? Nola ugaltzen dira? Non jartzen dituzte arrautzak? Nola erabiltzen dituzte tentakuluetako bentosak? Zenbat mugitzen dira? ...Mitologiak erantzungo luke galdera horiei guztiei, baina mitologia ez da zientzia.

Architeuthis-aren arrastoaren bila.
2004ko udaran, dakigunez 3 espedizio abiatuko dira ozeano diferenteen barrenak arakatzera, Krakenaren argazkiaren bila. Erraldoi honen lehen argazkia lortzen duenak irabaziko du saria. Estatubatuarrak, Zelanda Berritarrak eta espainolak dabiltza lehian; teknika eta kokapen estrategiko desberdinak erabiliko dituzte. Ez da lehen aldia eta hauetako zientzilari batzuk urteak daramatzate Krakenaren atzetik. Euskal Herritik gertu, 2003 urteko saiakera errepikatu nahi dute: Asturiaseko itsasertzetik 28 kilometrotara dagoen “Caladero de Carrandi “ izeneko lekuan.