• 1
  • 2
hurrengoa
komediantearen arima i.b.m.   I  i.b.m. Araiako herriak Euskal Herriko antzerki jaialdi garrantzitsuenetako bat du, Araiako Umore Antzerki Jaialdia. Arabako herri honek 1.200 biztanle ditu eta abuzturo 650 pertsonentzako lekua duen antzerki aretoa betetzea lortzen da. Proportzioa kontutan hartzeko modukoa da. Edonola ere, ez da harritzekoa. Izan ere, Araian betidanik izan da mugimendu kultural handia. Berez, diotenez, bertako antzerki taldea izan zen jaialdiaren sustatzaile nagusia. Horien artean beti izan da Javier Alkorta, jaialdiaren zuzendaria.
Esan daiteke Araiakoa gogo kontua dela, erabat; zuzendariak herriari antzerkia hurbilarazteko duen gogoa, herriko biztanleriak dena behar bezala atera dadin lan egiteko duen gogoa, bertara hurbiltzen diren guztiek antzerkiaz gozatzeko duten gogoa; horien guztien uztartzeak betearazten du urtero polikiroldegian jartzen den karpa txukuna.
Gizakiak gisa honetako ekimenei erantzun positiboa eman ohi die; baina, horretarako ere ohitura izan beharra du, eta, batez ere, muntaiak antolatzen dituen pertsona bat da beharezkoa, Javier Alkorta kasu. Araian, txiki txikitik umeek egundoko hurbiltasuna dute antzerkiarekiko. Bertan, arrunta da ikustea umeak eskenatokiaren inguruan kuxkuxeatzen, antzerki jaialdi batek haren inguru duen xarmaz blaitzen, naturaltasun osoz. Hartara, ez da harritzekoa gero, gradatan, ikuslegoaren artean, jende gazte ugari ikustea.
Baina, gogoaz eta ohituraz gain, beharrezkoa izaten da dirua. Administrazioak horretan du soilik ardura, eta, hala ere, batzutan eskasa izan ohi da emandako laguntza. Honek, erakusten digu beste behin, gaur egun artea bizirauten benetan laguntzen dutenak norbanakoak direla; Araian, esaterako, norbanako askoren lanaren, ahaleginaren batuketaren emaitza da umore antzerki jaialdia.
10 urte bete ditu jada, eta urtetik urtera jende gehiago erakartzen du. Egia da urtetik urtera asko hobetu dela aretoa. Hasiera batean karpa ez oso handi bat erabili zuten, ondoren, besteak beste Araiako zinea eta azkenik, polikiroldegian ezarri dute egoitza. Abuztuan, kirol pistak erabat aldatzen du bere itxura eta "men sana in corpore sano" esaten den horri laguntza emanen dion eskaintza kulturala sasoitsua bilakatzen da denborapasa.
Gauzak horrela, edozein antzerkiaren baldintza berberak betetzen ditu Araian inprobisatutako horrek; azken bost urteotan bertan izan ohi dira Gasteizko Principal Antzokiko teknikoak ere, detaileak zaintzen.
Azpiegitura sendoa du jada Araiako Jaialdiak; baina, esan bezala, haren oinarririk sendoena izen bat, Javier Alkorta, eta hamaika pertsona anonimo dira.
Baliteke antzerki honetan aditua zen komediante baten arima izatea ere, inspirazio. Araian baitago "La tumba del comediante" deritzona. Bertan omen dago hilobiratua behin, aspaldi, herrira, antzerkiaren onurak bertakoei ezagutaraztera hurbildu gizona. Akaso bazekien hura bilaka zitekeela arte honen txoko egokia...