• 1
  • 2
hurrengoa
anime-az hitz egiteko glosario bat blanca oria   Osama Tezuka da Japonian jaioterria izan eta planeta osoko jendearengana iritsi den asmakizunaren aita. Bere Astro Boy (1963) izan zen AEB tako telebistan zabaldu zen lehendabiziko telesail arrakastatsua, eta honek ireki zizkion ateak gaur egun Japoniak esportatzen duen produkturik bitxienetakoari: Anime-a eta honen atzetik, albotik, paperean marrazturiko mundu oso bat: Manga. Miyazaki-k eta bere Chihiroren Bidaia-k 20003. urtean Berlin-go urrezko hartza eta gero Oscar-a jaso zituztenean, mendebaldeko industriak baiezkoa ematen die "japoniako marrazki bizidunei" eta etorkizun argirik gabe bada ere, bi munduen arteko harremanaren ateak irekitzen dira. Baina erdi japonieraz erdi ingelesez izendatzen ditugun kontzeptu horietan murgiltzea beharrezkoa izango zaigu Anime-aren inguruan ezaguera minimo batez hitz egin nahi badugu. Anime-a japoniarrek euren animazioa izendatzeko frantsesetik hartutako hitza da. Esploratzeke dugun eremu honetan, aipatutako Hayao Miyazaki eta Osamu Tezuka-z gain, Katsuhiro Otomo (Akira-ren aita, 1988), Isao Takahata (Miyazakiren bazkide eta hastapenean Heidi ahaztezinaren aita ), Mamoru Oshii (cyber estetikaren maitale eta Ghost in the shell bezalako unibertso berezien sortzailea), Rin Taro (Metropolis, 2002), Hiroyuki Kitakubo (Blood the last vampire, 2000), Hiroyuki Okiura (Jin Roth, 1999), Yoshiaki Kawajiri (Vampire Hunter D: Bloodlust, 2001), Hideaki Anno, Shatoshi Kan eta beste hainbeste topatzen ditugu... Makina bat izen, zeinen unibertso kreatiboak Japoniako txoko ezberdinetan topatu daitezkeen. Irudimen handi eta medio gutxirekin marrazkilari talde ezberdinek, teknologia lagun, estilo eta genero ezberdinak garatu dituzte, samuraietatik hasi eta , banpiroak, espazioa, inguruko errealitatea, magia, beldurra,etorkizuna eta hain gustukoa duten eta hain ongi lantzen duten errealitate eta irrealitatearen artean dagoen muga hori, beste batzuen artean.
Baina ez dira izen propioak soilik, Anime-ak bere hiztegi propioa garatu duelako. Otaku hitzak adibidez, japonieraz "zu" esanahia duen hitzak adibidez zaletua baino gehiago den norbait definitzeko erabiltzen da. Izendapen honek, kutsu ezkorra du Japonian baina bertatik kanpo, genero eta hizkuntzen zailtasunaren gainetik dagoen zale sutsu eta amorratua definitzeko erabiltzen da.
Otaku-ak dira Fan-Sub azpitituludun Anime-aren arduradun -eta teknologia berriei esker- banatzaile alternatiboak. Haiei zor zaie CasPlay-en sorrera: Anime jaialdiak non zaleak euren pertsonai kuttunen moduan mozorrotzen diren.
Mini glosario honetan ezin Manga hitza ahaztu. Manga-ren oinarritik sortu dira animaziozko film gehienak. Ez da zaila, ilustrazioa bere kultura eta izaeran hain sustraiturik duen herrialde batean. Mangak, ezaugarri nagusi bat du: serializazioa. Honexegatik istorioak abentura amaigabeetan bihurtzen dira eta alez ale irakurlea zaletzen joaten da. Hau, Anime-aren munduan ere islatzen da. Animean normalak dira serieak eta Ovak...
Bai Manga eta bai Anime-an, gaiak, egileak bezain anitzak dira. Euren istoriei esker Bishanen (mutil eder eta segailak protagonista dituztenak), Kami (jainko eta espirituak), Shaja Anime (harreman pertsonaletan oinarriturikoak), Mecha (munstro mekanikoak eta robotak) Cyborg (sentimenduekin nahasmenduak dituzten erdi gizaki erdi makinak)... Ez dago ez gai ez izendapen mugarik. Garapen teknologikoak gainera marrazkilarien kreatibitatea areagotu eta orain arte kontsumo propiorako zen produktua paperetik pantailara pasa eta Anime egarriz zegoen mundu guztira zabaltzen hasi dira.