DAVID BOWIE
Reality
57 urteak beteta, Bowiek 26garren diskoa kaleratu berria dauka. “Soinu gogorra izango du” esaten zuen Bowie-k duela hilabete batzuk. Ohial elektronikoekin jolasteari utzita berriro gitarrak ezagutu izan balitu bezala azaldu zaigu oraingoan abeslaria. Aurrekoa zuen “Heathen” izenekoan bezala, kantuak 9/11 ondorengo gogoetan dute oinarria. ulertzekoa David Bowie Ground Zero delakotik oso gertu bizi dela jakinik. Musikari helduta, nabarmentzeko modukoa da “Bring Me The Disco King”, rock girotik urrunduta egindako abesti luzea, eta baita diskoak dakartzan bi bertsioak ere: “Pablo Picasso” Moder Lovers taldearen aspaldikoa, eta “Try Some Buy Some” George Harrison-ek Beatles taldearen azken amiltzea hasten zela idatzia (1973). Edozein kasutan, eta bere azken urteotako lanik onena izan gabe ere, “Reality”-k artistaren helduaroa luzatzen dakien Bowie aurkezten digu, garaikide eta lagunak dituen Iggy Pop eta Lou Reed-en antzera.
THE RAVEONETTES
Chain gang of love
Jesus & Mary Chain. The Cramps. Ramones. Detroit. Du-Dua. Buddy Holly. Hitchcock. Bela Lugosi. Jerry Lee Lewis. Gehiago? John Waters. Psycho-Billy guztia. CBGB. Wilko Johnson... The Raveonettes bikoaren eraginek erremediorik gabe eraman beharko gintuzkete ipar amerikar talde batengana, eta hor dator lehenengo ez ustekoa. “Chain Gang Of Love” talde suediarraren bigarren diskoa da eta berari esker azken ezustekoa etorri da, Benicassim inguruan ikusi zituztenek jaso zutena, euren zuzenekoa ez bait da nolanahikoa. Diskoan aipatutako guztien ukitua sentitu daiteke 1.44 eta 3.15 iraupen mugak pasa gabe. The Ronettes-en moduko koruak eta B’52-en nerbioa arazorik gabe bizi dira Pro Tools-arekin gela konpartitzen.
FRANK BLACK AND THE CATHOLICS
Show me your tears
Pixies-en itzulera zertan gelditzen den jakiten dugun bitartean, bostondarren buru zenak lan berria dakar eta, bide batez, gauzak zein sinpleak diren erakusten digu. Frank Black & The Catholics taldearen diskoa “Nadine” izenekoak zabaltzen du hiruzpalau akorderen gainean. Blues egitura trinkoa eta surf tankerak dituzten gitarrak, hori baino ez du behar aparteko gaitasuna daukanak. Uneren batean The Artist Formaly Known As Black Francis azaltzen da, batez ere ahotsak tonu altuak bilatzen dituenean (“Massif Centrale”). Bestalde, tabasko festa giroan sartuta, “Dead Flowers” stonetarrari egin zaion keinurik politena egiten dio (“Horrible Day”).
THE NEPTUNES
The Neptunes presents... Clones
Bada denbora musikan ekoizleak egileak bezain besteko garrantzia duela. Abestiak inportanteak dira, baina baita gainean jarri behar zaien jantzia egokiena izatea ere. Azken boladan laguntza eske joan zaizkienei erreparatuta, The Neptunes taldearen bulegoak Don Vito Corleone rena ematen du: Justin Timberlake bere pop irudia baztertzen lagunduko dion soinu berriaren bila edo The Rolling Stones, hamar urte kantu duin bakar bat ere egin gabe denbora gehiegi zelaz azkenean ohartuta. Emaitzak bikainak dira batzuetan (Ludacris), indar gabetuak bestetan (Snoop Dogg) baina orokorrean halako arrakasta izana justifikatzen dute. Proposamenak, hori bai, behera egiten du nabarmen The Neptunes protagonista bakarrak direnean, ekoizlea eta musikaria, basikoak biak, gauza desberdinak direla azaleratuz.