paper
hurrengoa

hodei berdeak

jon alonso · susa narratiba

Testua: Xabier Gantzarain - Argazkia: Zaldi Eroa
Batek ez daki zergatik irakurtzen duen. Ez daki zergatik atsegin duen denbora-pasarako uste den zeregin hori. Zergatik ematen dituen orduak paperezko munduetan. Baina irudipena du, paperezko mundu horiek badutela zerikusirik errealitatea deitzen diogun egunerokotasun bihurri honekin.
Batek atsegin du Jon Alonso, fikzioaren eta errealitatearen arteko soka tenkatu eta gero, gainean ibiltzen dakielako. Nobela berean, pertsonak (izen ezagunak) eta pertsonaiak (pertsona ezezagunak) nahasten asmatzen duelako.
Batek hartzen du Hodei Berdeak, eta narraitzaileek 60. hamarkadako Iruñean zehar eramaten dute. Ezagutzen ez zituen giroak ikusten hasten da. Garai hartan, CIAko agente baten bizitza nolakoa izan zitekeen irudika dezake, edo OPUSeko batena. Irudika dezake nolakoa zen abertzaleen borroka, eta baita abertzaleen artekoa ere.
Batek irakurtzen du Hodei Berdeak, eta inoiz egon ez den leku batetik itzuliko balitz bezala sentitzen da. Eta bere buruaz gehiago dakiela. Beste batek, beste zerbait aurki dezake liburu honetan.

hurrengoa

hodei berdeak

jon alonso · susa narratiba

Testua: Jon Benito. Argazkia: Zaldi Eroa
Liburuaren azterketa sakona egin gabe, pertsonaien atakak deitu nau. Pertsonaien kondenak. Bere garaiko seme dira; Miguel Beroizek egunerokora moldatu ditu bere nahiak. Beste egoera batzuk ezagutu ditu, beste garai batzuk. Ezagututako horiekin kontsekuentea da. Zerbait badaki beteko ez diren utopiez, eguneroko ametsez, gerraren horroreez, izandakoa mantentzearen beharraz.
Mikelena hurrengo belaunaldia da. Beste kontestu batean mugituko da. Gerra ezagutu ez zuen belaunaldia da berea. “-Nik ez dut iraganaren mamua izan nahi!” oihukatzen du. Eta arrazoi du, apika. Bakoitza bere garaiaren seme da. Egunerokora moldatu behar da, helburuak errealitatera egokitu behar dira. Erraz esaten da gero, historiaren distantziatik, epel jokatu zela, gutxi egin zutela, koldar jokatu zutela aurreko belaunaldiek. Besterik da momentuaren kondena, ongi zekien Pirandellik. Bizitzeko korapilo asko lotu behar dira. Korapilo horien islada da nobela hau. Garai baten eta interes batzuen kronika egiten baitigu idazleak, 60 eta 70eko Iruñean. Garai ilun eta grisa izan zen, hori ezin da ukatu. Hodei berdeak, itxaropenaren sinbolo dira. Gero hobetuko zen, gero aldatuko zen ilusio baten sinbolo. Ez dakit asmatu dugun.