audio asier leoz
hurrengoa

JANE’S ADDICTION

Strays

Kaliforniarrei euren aspaldiko “Nothing’s Shocking” izenburua aurkan jarri zaio. 2003 ez da 88a, ezta 91 ere. Egun zaila da inor ustekabean hartzea hasi zirenean bezala. Agian “eraginkorra” ez da hitz egokia, euren proposamen iraultzailea ez bait zen ondoren sortutako bandetan islatu, baina mundu guztia txundituta gelditu zen “Nothing’s Shocking” eta ondorengo “Ritual de lo Habitual” lanetan harrapatuta. Crossover olatura igotako Fishbone, Living Colour, Faith No More eta abarren erreferentzia bihurtu ziren, haiena guztiena baino aberastasun eta indar handiagoa zuen soinu baten jabe. Ondoren Perry Farrell Lollapalooza jaialdiaren antolatzaile egin zitzaigun eta Stephen Perkins eta Dave Navarro musikari moduan osatu ziren Mike Watt bihurriarekin bata eta Chili Pepper bihurtuta bigarrena. Azkena, Eric Avery, desagertuta. Urteak pasa dira, 13. Eta nolabait, lehen zuten guztia badute orain ere: erritmo aldaketa radikalak, funk pasarteak, gitarra heavy-ak eta Farrell-en aparteko ahotsa. Baina, nolabait ere, lehen zuten zerbait ez dago orain. Edo agian gu ez gara orduan ginenak. Edo mundua ez da orduan zen toki berbera.

hurrengoa

FAMILY

Un Soplo Al Corazon

Family-rena eltxo batzuen bizitzaren modukoa izan zen, laburra baina arrasto luzea utzitako ziztada batek apaindua. Alaska eta Nacho Canut bezalako lankide zorrotzek botatako loreak jaso baino ez zuen egiten orain hamar urte bete dituen disko polit eta sustantzia duen honek. Pop musikaren alderdi jostagarri eta neurri batean inozoan barrena egindako ariketa ederra, donostiarrek 93an ekarri zigutena. Tarte honetan asko izan dira kantu hauen formak jarraitu nahian euren bidea egiten saiatu direnak, baina gehienak naif-nahi horretan galduta ibili dira, musikaren arauetatik derrigor bete beharreko bakarra saltatuaz; entzulea ez aspertzea. Hiru minututan kontatutakoa ez dago zertan luzatzerik, eta kontatzeko gauza ez bazara nekez lortuko duzu denbora gehiago izanda ere. Akordio horri helduta, New Order, The Cure eta abar maisu izandakoan ikasitakoa berea egiten jakin zuten soilik muina duten 14 abestiotan. Family-k atera zuen disko bakarra denborak egin du hobea. Horregatik, hamar urte beranduago, “Un Soplo En El Corazon” bere horretan berrargitaratua izan da, ez bait du eranskinik behar.