hurrengoa
Dear diary    Duela bi urte Madrilen izan ginen Imelda eta biok ekainaren amaiera aldean. Bero lehorra umela baino hobea omen da, hobeto jasaten omen da. Ez dakit zer esan. Orduan egiten zuen beroa gainera erortzen zitzaizun eta lehor-lehor aho eta sudurretik sartzen zen, asfalto zaporearekin. Hala ere, ez dakit zer izan zen okerragoa, egiten zuen beroa jasatea edo egiten zuen bero horretan Madrilgo eskaparate guztiak ikusten ibiltzea Imeldaren erritmoa segitzen. Imeldari eskaparateak ikusten energia kargatu egiten zaio, zenbat eta eskaparate eta denda gehiago, orduan eta gogotsuago eta azkarrago joaten da kale batetik bestera, korrika eta presaka, dendak itxi arte atsedenik gabe, etenik gabe. Niri, berriz, bere ondoan joateak energia guztiak ustiatzen dizkit, standby egoera batean sartzen naiz eta eskaparatetik eskaparatera ibiltzeko energia gorde behar dut, orduan ezin dut hitz egin, edo ibili edo berba egin, gauza biak batera ezin ditut burutu eta, gutxiago gainera, bero egiten badu.

Aurten ere Madrilera joango gara ekainaren amaieran, ekainaren 28an hain zuzen. Jai egun batzuk ditugu eta Imelda eta biok izango gara han. Duela urte bi bezala festa handia egingo dugu gay, lesbianen eta transexualen harrotasunaren egunean eta duela urte bi bezala nire energia Madrilgo kaleetako zementuan itsatsita galduko zait eta ez dut berriz errekuperatuko, bero jasangaitz horren pean.

Ospatzen ditugun gauza kolektiboei buruzko gogoeta laburra egin dut orain mentalki eta uste dut urtero ospatzen dugun erreibindikapen kolektibo bakarra hau dela. Eta sintzeroagoa banaiz, erreibindikatu ere ezer gutxi erreibindikatzen dugu guk. Egiten den festa erraldoiarengatik ospatzen dugu. Friboloak gara gu. Beste modu batekoak izango bagina, ez dakit, eeeh... mendizaleak izango bagina, festa erraldoi hauetara joan beharrean, gure bizitza osoan mallak eta mendiko botak eta zirak jantziko genituzke? Eskerrak horrela ez den. Nahiago ditut takoiak, eskoteak eta rimmela. Ez naiz mendizalea. Imeldak duela urtebete deskubritu zidan bezala mariliendres bat naiz. Marikoi artean ibiltzen den emakume heteroa. Gazteleraz “Mariliendres” esaten da, baina euskaraz ez dakit, hiztegian behintzat ez dator, ezta gazteleraz ere. Izango da moduren bat, baina nik ez dut ezagutzen euskaraz nola esaten den. Gazteleraz bada bertsio light-ago bat: gay hetera. “Mariliendresak” lagun astunak direlako, ez dituztelako beraien adiskide mariak bakean uzten, eta gay-heterak hobeak omen dira, politikoki zuzenagoa ere iruditzen zait niri definizioa. Baina, ez dakit, nik nahiago dut “Mariliendres”, kariñoa hartu diot.

Festarekin pentsatzen hasi naiz eta jada emozionatua nago. Thebaldekoek uzten badidate, handik bueltan kontatuko dut nolakoa izan den eta ez badidate uzten konpetentzian idatziko dut.