hurrengoa
miztura. begia: "hodeiertza, begirada behartua, barne begirada, galdera-erantzuna?" OME   Esaldi hori da Miztura talde donostiarraren bigarren lan berrian aurki dezakeguna (Begura, Metak 2003). Begi bat guri so, so begira, Mizturaren begirada. Guztira berrogei eta hamar minutu irautera iristen diren lau abesti eta bideoklip bat, hori da Mizturaren begiak islatzen duena lan berri honetan. Inolako etiketarik bilatu gabe, konposaketetan, instrumentuei kasu egiten diete Mizturakoek: abesti luzeak eta intentsoak. Hala ere bigarren disko honetan letra eta ahotsek ere garrantzia dute. Horren lekuko Sorkun-en kolaborazioa "Landscape" kantuan, airean datorren ahotsa eta barruraino sartzen zaiguna. Gorka Matxinbarrenarekin mintzatu gara, taldeko bateria jolea, begirada berri honen ikuspuntuak ezagutzeko.
Mizturaren begirada aunitz hauei buruz gehiago jakiteko diskoa prestaketa garaietara jo behar dugu, Donostiako Antigua auzoko "Infierno" gasolindegi alboko entsegu lokalera. Instrumentuak lapurtu zizkieten egunetik aste gutxitara Xabier Erkizia azaldu zen, ondoren diskoa osatuko zuten abestien ekoizpen artistikoa lantzeko. "Beran kontzertua eskaini genuenean hitz egin genuen aurre ekoizpen bat egiteari buruz. Xabik kanpoko ikuspegi bat sartzeko ideia proposatu zuen eta aurrera egin genuen. Entsegu batzuk grabatu eta aldaketa txikiak egiten joan ginen, ondoren ahotsak ere berarekin prestatu genituen".
Apirila amaieran grabatu zen "Begura" Andoaingo Garate estudioetan. Bi egunez eta zuzenean. Grabaketa lan horiek Karlos Osinagaren esku izan ziren, Haritz Arreguy-ren laguntzaz. "Aspalditik genuen zuzenean grabatzeko ideia, hala ere espazio kontua zela eta ez genuen inoiz horrelakorik egiteko aukerarik izan. Garaten grabatuko genuela jakinda Karlosekin egiteko aukera lotu genuen. Lan handia egin du estudioan, mikroak aukeratu eta kolokatzetik grabaketa egitera. Ondoren nahasketaz arduratu da eta lanak emaitza polita lortu du".
Ahotsak Jon-en etxean eta lokalean grabatu ostean nahasketen garaia etorri zen. Hauek amaituta ordea masterra egituratu beharrean ziren eta iparraldera habiatu ziren hori gauzatzeko, "Café Teatro-ren bitartez ezagutzen genuen Stephan. Erreferentzi oso onak genituen eta Xabiren laguna zenez berarengana jo genuen masterizatzeko. Soinu berri bat eman zion grabaketari".
Diskoa entzuteaz gain, ikusteko aukera ere badago. Mikroskopioaren begirada aurkitzen dugu bertan, diskoan aurkitzen ez dugun abesti ilun batek lagunduta. "Gure kontzertuetan irudiak proiektatzen ditu Victor-ek. Diskoaren ideia zein zen kontatu genion eta ondoren "Landscape" abestirako prestatuak genituen intro batzuk pasa genizkion. Guzti horri Maite Arroitajauregiren txeloa eta Kubricken filmetako doinu batzuekin osatu eta bere begirada gurearekin batu zuen".

begirada baten begi ezberdinak
EKOIZPEN ARTISTIKOA: XABIER ERKIZIA. Lesaka, 1975
(Ale honetan bertan eginiko elkarrizketara jo argibide gehiagoren bila.)

IRUDIAK: VICTOR IRIARTE. Bilbo, 1976
Kazetaritza ikasketak amaitu ostean Bartzelonara joan zen zinema dokumentala ikastera. Handik itzulita NoTV bezalako proiektuak gauzatu ditu eta gaur egun Arte Ederretako museoko zinematekan lan egiten du. Laster ospatuko den Plaza jaialdian Mizturaren kontzertuan bere irudiak proiektatuko ditu.

MASTERIZAZIOA: STEPHAN AMANITA. Hamburg, 1963
Voddoo Muzak taldeko buru eta Amanita diskoetxearen gidari. Musika esperimentalean mugitzen diren erreferentziak kaleratzen ditu batik bat diskoetxe honekin. Gure arteko argitalpenen artean "Café Teatro" zarauztarren lehen diskoa aurkitzen dugu.

ZUZENEKO GRABAKETA: KARLOS OSINAGA. Irun, 1972
Lisabö taldeko baxularia eta besteak beste 12Twelve, Kuraia edo Sorkun bezalako musikarien lan berriak ekoiztu dituena. Zuzenekoetan aipatutako taldeez gain Anari bezalako musikarien soinuaz ere arduratu izan da. begirada baten begi ezberdinak.