hurrengoa
la bande desinee, la vie des medias txuma vazquez   Igandea, 00:48. Telebista lagun, gaueko ordu txiki hauetan astea agurtzen ari naiz. Telebista kulturalaren orduak dira eta akaso gure komiki orrialderako zerbait topatuko dut txokoren batean. Ezer ez. Telebista espainolean literaturari buruz lehenengo eta gero zientziaz mintzatzen dira eta EITB-en polikiroldegietako bailableen bikotekako mundialaren semifinalak edo ari dira eskaintzen. Tira, ea zertaz ari diren hizketan frantsesak (giputxiak ez zaretenontzat eta frantsesen telebista ikusterik ez duzuenontzat zerbait azaldu beharrean nago; gure bizilagunen telebistan beti hitz egiten daudela. Etengabeko debateetan murgiltzeko joera dute.) Gaur ere horretan aridira baina nire gozamenerako Bande desinee-ari buruz. La bande desinee. 9. artea. Frantsesek komikiari buruz mintzo direnean errespetu handiaz erabiltzen dituzte bokadilloa edo superheroia bezalako hitzak. Gazta eta garraioen greben nazioan, komikiak maneiatzen dituen zenbakietaz ari dira: 2002. urtean 1.442 bilduma argitaratu ziren. Jarraian komikiaren martxa honetaz mintzo dira salmentak liburuenekin parekatuz. Pilote eta Metal Hurlant bezalako komiki aldizkariak mintzagai: desagertu ziren eta itzuli dira indarberriturik. Bi aldizkari itzultzeko, berpizkunde baten aurrean gaudela diote telebista frantseseko hizlariek. Aldizkari hauetan Europako komikilari ezagunenak zorroztu dituzte euren lapitzak:
Moebius, Manara, Jodorowsky, Goscinny, Liberatore edo Enki Bilal.
Azken honi egindako elkarrizketa batekin jarraitzen dute saioa. Bilal ek, komikiaren eta zinearen arteko parekotasunak komentatzen dizkigu eta bere La Foire aux Inmortels serie mitologiko-komunistaren pertsonaiak 3D-ra pasatzea eskaini diotela esaten dio aurkezleari.
Komikia eta zinemaren arteko parekotasunak laburtzen dizkigu Bilalek eta komikiak komunikatzeko duen boterea nabarmentzen du. Amaitzeko komikietan oinarritutako filmak aipatzen dituzte: Spiderman, Asterix, Daradevil (thebalde 9), Corto (thb9) eta datozenak: Lucky Luke, Hellboy, Blueberry, Tintin. Milioika euro irabazten dituzte... eta irabaziko dituzten filmak.
Laburbilduz. Milioika ale saltzen dira urtero, aldizkari ugari dituzte, komikilariak maite dituzte eta goizeko ordu txikitan komikia daukate hizpide, komunikabideei eskainitako saio batean. Datu bat: 3 aldiz errepikatu zuten saioa aste horretan. Egun eta ordu diferenteetan. Hainbat alditan errepikatzekoa baita gure bizilagunek komikiari dioten maitasuna. Vive la bande desinee!