hurrengoa
kremaileren inperioa koldo almandoz   Zenbat sekretu ezkutatzen dira kremailera baten atzean? Iruditzen zait gauza bera etorri zaigula burura guztioi ezta? Bai? (Hildakoak gordetzeko plastikozko poltsa batean pentsatzen hasi bazara... malo). Oraintxe bertan soinean duzun arropari erreparatu, biluzik harrapatu bazaitugu zure etxeko armairuan begiratu, edo kirol poltsan, ... berdin dio non, ziurrenik horietako kremailera batean YKK hizkiak irakurriko dituzu. YKK, gure, biluztasuna, desioa, gorrotoa (eta kasuren batean heriotza) zerratzen duen kremailera da...

Tadao Yoshidak sortu zuen Yoshida Kogyo Kabushikikaisha kremailera konpainia 1934. urteko urtarrilaren 1ean. Berez, kremaileraren asmakizuna, XIX. mendeko Chicagoko ingeniari batena da. Botoi eta lokarriak baino ziurragoa izango zen itxiera sistema bat asmatu zuen Withcomb L. Judson-ek. C-Curity izena jarri zion asmakizunari, baina berehala jarri zioten zipper ezizena. XX. mende hasieran, jostun eta diseinadore abangoardistak soilik erabili zuten kremailera.

Egun, mundua osoan 36.000 langile dituen YKK konpainiak ez du apenas konpetentziarik. Marken diktadurapean bizi garen garaietan, YKK-k, aberats eta txiro, rapero beltz eta Ku Kux Klan buruzagi, punky drogazaleak eta artzain mormoiak batzea lortzen du. Nahiz eta jabetu ez, tatuaje baten moduan eramaten ditugu hiru hizki horiek soinean. Egunero. Bizitza osoan zehar...

The baldek ez du inongo arazorik Yoshida jaunaren ondorengoekin, baina bere konpainiak mugitzen dituen bilioi dolar horiek alperrik gizendu ez daitezen kremailerak konpontzeko trikimailua azalduko dizuegu.