• 1
  • 2
hurrengoa
bidaia    “Je ne suis pas un ange” esan zuen behin Mae Westek. Baina zer da aingeru bat izatea bada? Maeren hitzak bibliatzat hartuta, berak esandakoa jarraitu zuen. Labezomorroak lez, bere lau gurpileko kobazulora sartu zen behin nire printzesa, eta han geratu zen, ilunpetan, nikotinarekin amodioa eginaz gau eta egun. Horrela, karabana barnean, herriak, hiriak eta kontinenteak bisitatu zituen... Berlinen leihotik burua atera eta Marlen topatu zuen kalearen beste aldean, bere amoranteetako batekin, aterkipean, airezko muxu luze bat ematen... eta Budapest, Florencia, Lesbos, Ankara... guztiak zeharkatu zituen bere kaiolatik irten barik.
Mila ziren kuriositateak erakarrita inguratzen zitzaizkion miresleak. Errusiar gizon altuak, vespadun italiar espabilatuak, ezpatadun printzipe ingelesak, belodun emakume irakiar misteriotsuak, begi sakoneko fakir hinduak... Izugarrizko ilara egiten zuten denek nire printzesaren ate aurrean. Baina honek, mesprezuz ixten zien atea denei. Mae West zuen lagun bakartzat... elkarrizketa luzeak izaten zituzten biek gauero. Basokada whiskia eskuetan zutela, izandako amoranteei buruz mintzo ziren... “bada behin izan nuen Parisen maitale bat, zeinak gauero izar bat ekartzen zidan ohe gainera...”, “eta beste behin, hiru aste eman nituen Pragako etxetxo batetik irten barik, ezagutu nuen txekiar baten mirariak zirela eta...”. Beste batzuetan nire printzesa eta Mae isilik geratzen ziren, nor bere pentsamenduetan murgildurik. Batzuetan, elur malutak karabanako leihotik sartzen zirenean, ene printzesak, bata ondo lotzen zuen bere gorputzera kanpoan egiten zuen hotz latza ez sentitzearren. Eta modu horretan, bere mundu ilunean murgildurik, eta Mae lagun bakartzat, urteak pasa ziren nire printzesarentzat. Miresleak etsiturik joaten ziren, karabana geldi zegoen lekutik mugitzen zenean. Egurrezko zerraldoa biraka hari zen munduan zehar, bueltak eta bueltak ematen, yo-yo infinitu baten antzera. Ene printzesa han... Leihoko gortinen atzetik bere silueta antzeman zitekeen, kearen artean, agerpen bat balitz bezala. Honela, egun batetan, gazte arabiar batek, karabanako atea irekitzea lortu zuen. Han topatu zituen Mae eta nire printzesa erabat izozturik. Bata leihoan eta bestea ohean. Edo alderantziz... bata ohean eta bestea leihoan. Edo eta bata paretan zintzilika eta bestea ohean konorterik gabe, edo... dena dela, hotz egiten zuen barnean. Gazte arabiarrak karabanako atea itxi zuen, eta honek biraka jarraitu zuen, biraka, biraka... infiniturarteko bidai luze hartan.

modeloa: maider sanz
atrezzo eta argiak: amaia tobes
makilaia: nekane ortiz
argazkiak: amaia sagasti
lekua: tolosa karabanak. ikaztegieta