• 1
  • 2
hurrengoa
jean françois sauré: argitaratzaile bakana. txo!?   I  j. f. sauré Duela urtebete argi berria piztu zen euskarazko komikigintzan. Aspaldian Eusko Jaurlaritzak ateratzen zuen Habekomik aldizkariaren ostean, Napartheid eta beste fanxin batzuk izan ziren euskarazko komikien aterpe. Gaur egun, albumei egokitu zaie txanda Jean François Sauré argitaratzailearen eskutik. Gasteizen geratuak, bertan baitago haien egoitza, kafetegi batean bildu eta aurkezpenen ostean eta galderarik egin baino lehen Jean Françoisek bere helburu eta xedeak botatzen dizkigu. Argi du helburua Saurék:
“Esan genezake lau oinarrietan dabilela argitaletxea; lehenengoz transmititzea interesatzen zait, transmititzea eta jasotzea, hartuemana. Komikia mezuaren ostean dator; poesia errezitalak ditut gogoko (komikia elementu poetikoa ere bada, segituan hartzen duzu, begi bistaz harrapatzen duzu), espazio berean egotea da garrantzitsua. Horrexegatik gabiltza erakusketak antolatzen, urrian itsasoa eta komikia erlazionatzen duen erakusketa eginen dugu Gasteizen. Bilbon “Komikiaren 1. Eskola-lehiaketa” martxan jarri dugu eta Barakaldoko Udalarekin Umore Grafikoko Nazioarteko Lehiaketaren 2. deialdia egin genuen iaz arrakasta handiz. Azkenean, egiten duguna ez du benetako aztarnarik uzten, elkarrekin transmititu behar dugu eta, nire ustez, galderak erantzunak baino garrantzitsuagoak dira.”

Zein komiki pertsonaia izatea gustatuko litzaioken galdetzean etxera jotzen du Jean Françoisek:
“Kapa eta Letaginak-eko azeria... beno , edo otsoa. Biak. Fabula animaliak dira eta fabuletan beti dago ikasgairik. Istorioan bizitza argitzen duenik ateratzen dute, eta opari bat da. Inporta duten gauzak pasio handiagoz bizitzean dute, eskuzabaltasunez.”

Eta transmisioren ostean
“Bigarrenez; argitaletxearen transmisioa bi ardatzetan oinarritzen da; bata errealismoa eta bestea umorea, eta honekin batera adin zabaltasuna. Linea gaztearekin gabiltza orain, aurrerago besterik argitaratzen saiatuko gara. Zuribeltzarekin saiatu ginen baino jendeak kolorea eskatzen du. Lana oso pertsonala bada, komiki zaletuetara mugatzen zara eta hori egin ezkero agur. Hemen, EHn, publiko orokorrera zuzendu behar duzu argitaratzen duzuna, bestela akabo. Lehendabizi behintzat hortik hasi behar duzu, gero akaso, izen bat egin ostean, zerbait pertsonalago egin zenezake eta akaso saldu ere.
Aurten, Durangon adin guztietako jendea etorri zitzaigun. Aurreko urtean ez bezala gizon helduak bertan geratzen ziren eta stand aurrean komikiak irakurtzen gelditzen ziren. Aitak semea irakurtzen duena irakurri ahal izanen du eta umeak aitak irakurtzen duena baita ere. Zentzu horretan arrakastatsua suertatu da Kapak eta letaginak. Linea honetan, azaroan, Aritz pilotaria hasiko da. Herrikoia behar du izan, Aritz herrikoia izanen da, euskal heroia, jendea berarekin identifikatu ahal izateko, beraien bihotzetan lekutxo bat egiteko. Abentura asko izanen ditu. Han eta hemen, mundu zabalean, eta ahal izanez gero marrazkilariaren bizi osoa iraun dezala nahi dugu.
Urtarrileko Habe aldizkarian Aritzen orrialde batzuk argitaratu dira. Hemen ez dugu aldizkaririk , eta aldizkariak irakurlegoaren tentsioa hartzeko lanabes baliagarriak dira.
Argitaratzaileok, albuma atera baino lehen, pertsonaia nola funtzionatzen duen frogatu dezakegu eta horrexegatik hitz egin genuen Haberekin. Horrela, Haben ikusi ezkero, jendeak ezaguna izanen du azaroan ateratzen denerako, eta ez da gauza berri bat izanen, aurkezpena aurreratua egonen da modu horretan.

Jean Françoisek luze hitz egiten du baina argitaletxearen lau helburu horiekin jarraitzen du:
“Hirugarrenez iniziatibak laguntzea eta sortzea da garrantzitsua; erakusketak eta lehiaketak, mugimendua. Aritz pilotariaren erakusketa bat prestatzen gabiltza, baina komikiaren orriekin panelak jarri beharrean, erakusketan Aritzen lehenengo abentura girotzen ibili gara. Aritz Mexikora doa peiotearekin dabiltzan Guitzolengana, hortaz, erakusketan etnia honi buruzko informazioa jarri dugu, komikiaren aferak bakarrik jarri beharrean. Lehiaketekin artisten erakusketa kolektiboak sortzen ditugu ere.
Aparte, prentsarako aurkezpenak ez doaz oso ongi, eta azken finean zabalkundea da egin behar duzuna. Eta argitaratzailea sortzaile bilakatzen da. Irakurlegoarekin aurrera egin behar duzu, eta adibidea eman. Horretan saiatzen naiz eta horrexegatik eskoletara sartu edota erakusketak antolatzearena.

Azkenik, haien laugarren oinarriaz mintzo da:
“Euskal sorkuntza sustatu, proiektu lokalekin eta erreferentzi geografiko zehatz batez. Horren harira, “Hendaiako itsasaldea ezagutzen” eta “Hondarribiko Historia” argitaratu ditugu, eta ildo horretan jarraituko dugu herri ezberdinetan historiak kokatzen. Jendeak bere herria komikietan ikusteko, lehen aipatzen genuen identifikazio hori bultzatzeko eta bakoitza bere herriaz harro egoteko.
Euskadin nago eta irakurlegoa, nerabea, euskaraz egiten du, hortaz euskaraz argitaratzen dut. Hermannen Jeremiah euskaraz argitaratu genuenean, jendeak erdaraz eskatu zidan, saiatzen naiz beti euskaraz gazteleraz ez dagoena ateratzen, beno, ba guztientzako ere egon dadin ez? Urtero euskarazko 6 album atera nahiko nituzke eta hortik aurrera beste hizkuntzetan ateratzea hausnartu, baino euskaraz 6 aterata lehenik.”

Euskara eta EHko komiki kulturaren harira galdetzen diogu orduan...:
“Ez dago komiki kultura, gettho moduan behintzat Espaniar estatuan edo AEBetan bezalaxe, baina bai orokorki, euskal kulturaren barruan. Akaso noizbait banatuko balitz, hasiko lirateke arazoak. Dena batean egonda aniztasunak gustua ematen du, eta honek mantentzen du irakurlegoa, honen barruan komikia. Komikia beste euskarazko liburu eta aferekin batera ikusten du dendetan eta “zertan ez hartu” dio jendeak. Hala ere Kultura Sailarekin badugu akordiorik, hainbat ale erosten dizkigute normalean, bestela, askoz zailago litzateke.”

Beste gauza asko ere kontatu zizkigun Jean Françoisek baina, tamalez ezin izan ditugu guztiak hementxe sartu. Etorkizunean izanen dugu haien berri, zalantzarik gabe, buru belarri dabilelako bere proiektu anitzetan.