• 1
  • 2
hurrengoa
zaharberritzen i.b.m.   I  Biarritzeko balleta Aurtengoan, Miarritzeko Baletak, Balet Errusiarrei omenaldia egin izan nahi die. Mende hasieran Serge Diaghilev-en Balet Errusiarrek eskenatokiratu Stravinski, Debussy, Von Wever eta Ravel-en piezak berreskuratu dituzte eta horiek guztiak eskaintzen dizkigute hizkuntza garaikidearen bidez, Thierry Malandain koreografoaren eskutik. Bakoitzak, originalean du oinarria, baina inondik inora ez dira originalen kopia hutsak; gaiak, egungo ikuspegitik jorratzen dira, izan ere, Malandainek berak esan bezala, berritzailea baino, zahar berritzailea naiz. Beste garai bateko baleten bidez, eta musika zein dantzarien ezaugarriak ardatz harturik, batera klasikoa eta garaikidea den dantza oso berezia proposatzen digu, maiz ikusi ohi dugun dantzari biluziz beteriko gune ilunaren idei horretatik ihes eginez.
Miarritzeko Baleteko dantzariak teknika klasikoan heziak dira, eta, hain zuzen, horri esker ager daitezke eskenatoki gainera egundoko askatasunez, sentimenduekin jolasean, eta sentimenduak askatasunez adieraziz. Ez dugu tuturik ez eta puntarik ikusiko. Guztiek egungo jantzi zaindu eta txukunak daramatzate soinean; Fauno bera kulerotan agertuko zaigu, zetazko belo handi batekin larrutan; andere dibertigarri bat agertuko zaigu Chanel bat daramala, takoiak eta guzti. Eta oro har, eskenografia txuri, moderno, minimalista eta oso espresibo baten erdian; 12 dantzarik ere bat eginen dute ikuskizunaren une batean eskenatokian, sari-begiz egindako panel erraldoiez inguratuta, askatasunaren bila.
Faktore hauek guztiek izugarri laburtzen dute ikuslearen jarlekua eta eskenatokiaren arteko distantzia. Hain modu erakargarrian gerturatzean, ikusleak, protagonistek dituzten sentimenduak sentituko ditu, haiekin alaituko da, tristetuko da, haiei darien sentsualitate, desioa edota bizi larritasuna bere eginen du ikusleak.

Miarritzeko Baletak eskaintzen duen bertsio honetan 4 pieza ikus ditzakegu. Batetik, badugu Comedia dell'Arte delakoaren osagai guzti guztiak biltzen dituen komedia bat, betiere pertsonaiak estilizatuago batzuekin. Bestetik, esaterako, faunoaren maitatzeko gogoa eta sentsualitatea puri- purian ageri zaigu; mende hasieran haustura eragilea izan bazen, oraingo hau ez da gutxiago: ez dago Grezia zaharraren seinalerik, ez eta ninfarik ere; dantzari bakarrak islatzen du plazer osoa, antzezlanaren sena, azken batez.
Ametsen munduan sartzen gaitu, bete betean, sinbologiaz beteriko eskenatokiratze zoragarriaren bidez: arrosa bat, arantza bakarra, leiho bat, emakume gazte bat eta haren maitasuna. Berak ez du originaletik deus gorde, soilik musika eta horrek Malandain-i sortarazi diona. Kontutan izanik Diaghilev-ek, besteak beste, Miro, Matisse edo Picassorekin elkarlanean egin zituela eskenatokiratu lan originalak, zalantzarik gabe Miarritzeko Baletak ausardi handia izan du horiek berreskuratzean, eta ausardiarekin batera, agerikoa den bezala, talentu handia.