audio asier leoz
hurrengoa

DAVID HOLMES

David Holmes presents the free association

Michael Jackson-en ispiluko irudia bailitzan, David Holmes-ek beltza izan nahi du. Eta argitaratu dituen azken lanen arabera, “Come get it I got it” soul Dj sesio hura eta “DH Presents the Free Association”, gutxi falta zaio bere helburua lortzeko. Zinerako giroak sortzeko duen zaletasuna erakutsita (“Ocean’s Eleven”) oraingoan abeslariak bilatu ditu bere ekarpen berriak kanta ditzaten, eta bete-betean asmatu du. Batetik eskola zaharreko rapeatzaile bat, Sean Reveron, esaldiak erritmo bihurtzeko aparteko gaitasuna duena. Bestetik Petra Jean Phillipson, Holmes-ek deskubritu duen azken altxorra, zeinen ahotsean “Wooden heart” izeneko elektro-blues pozoidunak Tricky-ren lehen diskotik ahaztuta genituen hotzikarak eragiten dituen. Rap eta Trip Hop musikak asmatu berriak ez diren arren gutxitan eman dute lan honetakoen tamainako abestirik. Dena den eta “abestia” kontzeptua izanik ere luzatzen digun proposamena, erne Dj zale zaren hori irlandar bihurriak egiten duenari.

hurrengoa

BETH GIBBONS & RUSTIN MAN

Out of Season

Rustin Man ezizenaren atzean Talk Talk taldeko baxularia zena dugu, Paul Webb. Bera izan du lagun Portishead-eko abeslariak kaleratu berria duen lan honetan. Trip Hop musikaren erreferentzi-taldearen ezaugarri nagusia Beth Gibbons beraren ahotsa zen, ahots horrek zuen indar emozionala zehazkiago. Batzuetan mina sentitzen zuela ematen zuen, ahots kordak baino bihotza urratuta izango balu bezala, eta ondoren, kantu berean, irribarrea antzematen genion, alderdi dramatikoa areagotuaz. “Out of season” izeneko honetan altxaldi nagusiak hori izaten jarraitzen du, Portishead formulan aparteko garrantzia zuten Geoff Barrow-ren oinarri elektroniko ilunak baztertu badira ere. Oraingoan “Mysteries” bezalako abestiak aurkituko dituzu, geldoak, hauskorrak eta zine musika klasikoaren eraginean blai, edo pop moduko emaitza borobila den “Tom the model” hori. Eta gauza guztien gainean, jakina, Beth Gibbons: Shirley Bassey edota Billie Holiday berari lekukoa hartzeko gauza den abeslari bakarra, seguru asko.

hurrengoa

MS DYNAMITE

A little deeper

Dirudienez azkenaldian aurrera pauso gehien ematen ari den musika R&B beltzan bustitako Hip hop-a da, emakumezkoa batez ere, Alicia Keys, Missy Elliot eta Ms Dynamite berriaren bitartez bata bestearen atzetik estilo osoa berfinkatzen ari direnak disko bikain mordoxka baten eskutik. Naomi McLean-Daley-ren kasuan, proposamena Ingalaterratik dator, normalki AEB-tik oso atzetik dabilena kontu hauetan, eta beldurrik gabe esan daiteke 2002 osoak utzitako hamar disko onenen artean dagoela. Ms Dynamiteren ahotsa, Lauryn Hill-enaren oso antzekoa, tradizioan errotuta dago, jamaikar kolorez tarteka (Kymani Marley du gonbidatu) eta Soul hitza handia egin zuten haiekin guztiekin zorretan. Fugees taldearen diskoa ekoiztu zuen berak egindako lana aipatzekoa da diskoa benetan berria gerta dadin, baina Ms Dynamite izan da “Watch over them” gordina a capella kantatuz edo “fucking” hitzari inoiz izan ez zuen gozotasuna emanez (“No U want my love”) diskoa gomendatzeko modukoa bihurtu duena.

hurrengoa

NIZA

Canciones de temporada

Gogoratzen Nosotrash eta Los Fresones Rebeldes? Edo, sustraira heldu gaitezen, gogoratzen Mecano? Ba horiek dira koordenadarik zehatzenak eskuartean daukagun diskoa mapan finkatzeko Niza madrildarren lehenengoa den “Canciones de temporada” izeneko hau azken arrastoraino dago pentsatuta. Lan osoak urtea irudikatuko balu bezala, hamabi abesti dauzka. Lehen zatikoak Pop egitura bikaina duten abesti biziak eta bigarrenekoak udazkenaren zama emozional horren baitan daudenak, malenkonia celloak erabiliaz dibujatuta. Guztietan Silviaren ahotsa da haria, gurean hain ondo ezagutzen dugun kristalezko tonu fina erabiliaz, eta haietako bi instrumentalak dira, diskoaren erdia eta bukaera markatzen dutenak “Solsticio de verano” eta “Solsticio de invierno” izenburu egokiekin. Bikote hausturak xalotasun ukitu batekin, Antonio Carlos Jobim-i eta Cezanne-ri keinuak eta Tropicalia garaiko akorde epelek diskoa benetan atsegina egiten dute.