hurrengoa
norenak dira betaurreko hauek? koldo almandoz   La gran aventura de Mortadelo y Filemón
Azken urteotan komiki pertsonai askok salto egin du paperetik zine pantailetara. Emaitza oso ezberdinekin gainera. Moldaketa hauetan, faktore askok izaten du eraginik. Askotan, istorioen moldaketan baino, zuzendaritza artistikoan izaten da arrakasta edo porrotaren sekretua. Komikia zinera eramateko modu asko dago, baina komikiaren izpiritua errealitateko paisaietan txertatzea oso gutxik lortzen du. Hori da hain zuzen La gran aventura de Mortadelo y Filemón-ek eskaintzen duena. Cesar Macarrón-en zuzendaritza artistikoak Ibañez-en komikien izpiritua fidelki islatzen du. AEBtako beste komiki batzuekin akaso ez da hain beharrezkoa izaten, baina TIA-ko bi agenteen abentura honi eskertu egiten zaio komikiarekin izandako errespetua.

Zuzendaritza artistikoaz gain, komiki pertsonaiei hezurra eta haragia jartzen dieten aktoreak dira filmeko beste sorpresa. Ez dugu topatuko prentsa arrosetako portadetan, asteburuetako aldizkarietan edo telebista lehiaketetan gonbidatu gisa azaltzen diren aktoreak. Pelikula honetan aktoreak bestelakoak dira. Antzerki munduan, bigarren mailako zine paperetan edota zirkuitu masiboetatik kanpo ibilbide aberatsa duten profesionalak dira: Pepe Viyuela, Paco Sagarzazu, Luis Ciges, Maria Isbert, Dominique Pinon... Eta eskarmetu handiko aktoreen alboan, aktore izan gabe zuzendariak hainbeste atsegin dituen pertsona anonimo eta bereziak topatzen ditugu. Horien artean, Mortadeloren papera egiten duen Benito Pocino. Casting berezi honi esker, pelikulako pertsonaiak, euren "komikitasunean", sinesgarri izatea lortzen dute.

Komikilari baten moduan filmatzen duen zinegilea.
Fesser-en umorea, haurtzaroan "boy scout"-ekin kanpamenduetara joandako tipo batena da. Surrealista da probokatzailea izan gabe. Beltza da bortitza izan gabe. Infantila da haurrentzako izan gabe. Bere aurreko lanetan nabarmena da guzti hau: El Secleto de la Tlompeta, Aquel Ritmillo (laburmetrai sarituak), El milagro de P. Tinto (luzemetraia). Guztietan, Javier Fesser-ek estilo eta begirada propioa landu ditu. Komikilari baten moduan filmatzen du. Plano bakoitza, biñeta baten moduan, indarra eta akzioaz janzten du. Plano bakoitza, ikuslearen atentzioa erakartzeko dago pentsatua. Plano bakoitzak, detaile ezberdin ugari barneratzen ditu. Eta hori, ziurrenik, publizitatearen mundutik datorkio zuzendariari. Fesser publizitatetik zinera salto egindako zuzendaria delako. Gidoi tekniko zehatz baten laguntzaz, onomatopeia bisualez osatutako film honetan, efektu bereziak, efektu digitalak eta soinu efektuak egin dituzten taldeek, lan asko izan dutela susmatzen dugu.

Belaunaldi ezberdinek irakurri dugun Ibañez-en Mortadelo y Filemon komikia zinera eramatea erronka arriskutsua da. Konparazio kontutan ez da egoten adostasunik. Baina horrek ez du derrigorrez txarra izan behar. Kontrakoa. Iritzi ezberdinen jabe egiten den pelikula, liburua, komikia,... errealitate anitzak dituen gizarte batean arrakastaz txertatu denaren seinale izan daitekeelako. Ah, eta ahaztu baino lehen, amaiera kredituetan entzuten den kantua, Andy Chango komiki-kantari argentinarrena da.