hurrengoa
Bernardo Atxaga: "iritsierako liburua ari naiz idazten, ez bidekoa". kirmen uribe, mielanjel elustondo   I  zaldieroa Pozik aurkitu genuen Bernardo Atxaga londresetik etorri berri. poemak irakurtzen izan zen bertan, royal festival hallean, besteak beste, anne carson poeta kanadiarrarekin batera. nobela berria idazten dabil orain, portura eramango duen liburua, orain arteko ibilbideari puntua jarriko diona. - "Niretzat, Bernardo Atxaga izatea, idazle izatea zen eta gainera halako uniforme edo janzkera berezi bat, idazle izateaz gain beste gauza asko egin behar zirelako"
- "Ez dut urduritasunik eraman nahi liburura, testu urduria egin ez, joan dadila lasai nahi dut eta, horretarako, nik neuk ere lasaitasunez idatzi behar dut"
- "Denbora behar da ulertzeko idaztea batzea den bezala, kentzea dela, desegitea"


Zertan dabil orain Bernardo Atxaga?
Nire gogoz, iritsierako liburua idazten ari naiz, ez bidekoa, iritsierakoa baizik. Horrek esan nahi du puntua jartzea, eten egitea bizitzan, eta eten horren emaitza, liburu on bat. Ondorioz, aurreko liburuetan ageri diren hainbat gai agertu beharko lukete berriro, eman dezagun hotela, eman dezagun Obaba, eman dezagun anaia... Hori dena. Orain arte aurkitu dudana berridaztea, edo egokitzea. Askotan ez dakizu halako nahia duzula anaiarekiko, adibidez, baina ematen du baietz. Hortaz, anaiak azaldu beharko du. Horixe egin nahiko nuke, nire gogoz.

Ematen du tentu handiz ari zarela idazten, lasai.
Niretzat ere galdera dut. Ez da lanaren ezaz, ze lan asko egiten dut, egunero. Litekeena da nire baldintzak idealak ez izatea, baina lan egiten dut eta aspalditik ari naiz lan egiten. Ari naiz egiten, eta ari naiz desegiten. Beharbada hor da gertatzen zaidanaren muina. Esate baterako, zakua deitzen dioten dokumentuan, alegia, aurrena ontzat eman eta gero baztertutakoa doa zakura, ez da berez zirriborroa, ontzat emana baizik... Bada, zakuak 100 orrialde ditu oraintxe. Esan nahi du asko ari naizela kentzen. Lagunei esan ere egiten diet, ez dakidala liburua bera ona izango den, baina liburu horri buruzko liburua, nola joan naizen idazten eta zein gogoeta ibili ditudan, baietz, ona izango dela, seguru: making off-a oso ona izango dela. Zenbait liburu oso azkar idatzi ditut, Behi euskaldun baten memoriak, esate baterako. Beste batzuk, oso poliki, Obabakoak, adibidez. Oraingo hau, berriz, ezin dut lehenago bukatu. Behar ditut beste bost hilabete. Uste dut ordurako bukatuko dudala, baina denbora hori beharko dut.

Data jakinik zeure buruari ezarri gabe, beraz.
Urtarrilean bukatzea espero nuen, baina bortxatuta. Ez dut urduritasunik eraman nahi liburura, testu urduria egin ez, joan dadila lasai nahi dut eta, horretarako, nik neuk ere lasaitasunez idatzi behar dut. Azkenean, ez dakit zein izango den emaitza, alegia, ez dugu bermerik emaitza ona izango dela, gauzak ongi aterako zaizkigula. Ez dakigu. Baina liburuak berak pozik ematen ez badu, espero dut liburuari buruzko liburuak emango duela.

Gure amonak ere gakorratza egiten zuen egunero, baina ohazala bukatu orduko haritik tira eta desegin egiten zuen dena, berriz hasteko.
Ulises da hori, haren emazteak, Penelopek egiten zuena. Denbora behar da ulertzeko idaztea batzea den bezala, kentzea dela, desegitea. Zuzenketak horren arrastoa ematen du. Zuzenketan hori egiten baita, askotan, kendu. Nire kasuan gero eta garrantzi handiago du horrek, ematen du duela kenketak. Egitura anbizio handikoa da. Pisu gorabehera ere badago: sarrerak ezin du pisu handiegia hartu, ondoko batek ez duelako izango. Halako simetria bat behar du. Horrekin ari naiz. Orduan, zer edo zer mugitzen dut, eta denak mugitu behar du, edo ia. Gero beharbada ez da ezer antzemango, baina lana bera oso interesgarria da. Ni oso gustura jaikitzen naiz goizean goiz, eta jartzen naiz pentsatzen: “zer gertatzen da hemen?”. Alde horretatik, idazle naizen aldetik, oso pozik nago. Idazteko lan hau, oraingo honetan, oso-oso atsegina da, interesgarria, trinkoa... Oso entreteniturik nago, benetan.

Han-hemenka agertu da Atxaga izena albo batera utzi nahi duzula. Berriro zerotik hasi nahi duzula.
Arrazoi nuen, egin beharrekoa nuen, zalantzarik gabe. Arrazoi askorengatik. Tartean, egoera asko aldatu delako ni hasi nintzenetik gaurko egunera. Bestalde, hau ez da erakunde arrunta, hau Euskal Herriko kultura eta literatura da eta ondorio asko ditu. Besteak beste, jende gutxi garelako.
Niretzat, Bernardo Atxaga izatea, idazle izatea zen eta gainera halako uniforme edo janzkera berezi bat, idazle izateaz gain beste gauza asko egin behar zirelako: hitzaldiak egin, literaturaren propaganda egin, mixioetara joan, itzuli, panfletoak jarri, paper bat jokatu, elkarrizketak... Pittin bat iruditzen zait zorte handia dela hori egitea, eta ondo. Nork bere patua eraman beharra du. Baina Atxagaren bidea niretzat ez da erakargarria.
Ikonizazio bat bezala gertatu da: halako saria, halako hau... nik uste dut bete dudala nire lana. Halako batean, eskuetatik joan zitzaidan esan nahi nuena, hobeto egin zitekeen, baina dena ongi egiten duenak ere bota dezala aurreneko harria, ezta?
Hobeto egin nezakeen, modu diskretoagoan, baina... Pentsatu Gabriel Aresti, hasi, idatzi... mila borrokatan ibili, eta utzi idazteari. Mirande... utzi idazteari. Ez dago bakar bat, Txillardegi beharbada, jarraitu duenetakoa, modu irregularrean hala ere. Inork ez du garatu behar izan idazle lana. Nire ustez, estra-zama horregatik.
Guk eraman dugu, eta gure kasuan errazago izan da, baina nahikoa da. Bada intimitaterako garaia. Idazle naiz, baina urteetan etengabe etorri zaizkidan proposamenak –ukatu ditudanak, bestalde–, betetzerik ez dago: pregoilari izateko eta beste. Esan beharra izan dut: “Aizu, barkatu, baina pregoilaria nahi baduzu, bila ezazu boxeolari bat, edo pilotari bat, edo futbolaria, baina, arren, utzi ni bakean”. Hori da, ezin dut extrazama hori eraman. Espero dut lan horiek nire izenarekin geldituko direla. Batzuek diote ezetz, berdin izango dela, baina nik diot ezetz. Nire izenaz hasten banaiz, neuk markatuko dut nola jokatu. Zalantzarik gabe, beste era batean jokatuko dut.
Orain ezin dut. Uste dut lasaiago ibiliko naizela.
Hori da nire asmoa. Zortearekin, beteko dut. Ni lanerako orduan ez naiz izango Atxaga.