hurrengoa
Durangoko azoka, 37. edizioa: garai berri baten aurrean? jon benito   ABENDUKO LEHEN ASTEKO ZUBIA DU EUSKAL KULTURAK URTEKO ERREFERENTZIA NAGUSIENETAKO BAT. DURANGOKO AZOKA EGITEN DA ORDUAN. DISKOETXE, ARGITALETXE ETA ARGITALDARI ALTERNATIBOEK UDAZKENEKO, ETA ZENBAITETAN URTEKO, LAN GUZTIAK AZOKA HONETARA BEGIRA KALERATZEN DITUZTE.
"Durangoko azoka euskal kulturaren panazea dela esten du batek baino behiagok, eta deno ondo doala uste dute. Baina nire ustez, azokan saltzen diren euskarazko liburuen, diskoen eta bestelako produktuen kopurua aztertzea badugu, kopuru txikia da"
(Bernado Atxaga)

Pasa dira urte batzuk, elizako arkupetan egiten zen azoka jaio zela. Garai hartatik, eraikin aldaketa ez ezik, beste gauza batzuk ere aldatu dira: garai hartako giroa eta oraingoa ez dira giro bera, garai hartan mugitzen zen liburu eta disko kantitatea ez da bera, komunikabideetan azokak duen eragina ez da bera, Abendu haserako azoka honek kultur merkatuan duen garrantzia ere ez da bera.

Azokaren arrakastaz
Abenduko azoka hau, euskal kulturaren ispilutzat hartu izan da maiz. Iazko datuak esanguratsuak dira: 200.000 eta 225.000 pertsona artean biltzea lortu zuen azokak eta bisitari horiek euskal disko eta liburuen milaka ale erosi zituzten. Urteroko datu esanguratsuei jarraiki, iragan urtean “inoiz baino jende gehiago bildu zela” adierazi zuen Antton Mari Aldekoa-Otalora, Gerediaga elkarteko arduradunak. Abenduaren 4tik 8ra luzatuko den aurtengo ekitaldian, 137 elkartek aurkeztuko dituzte euren lanak, horretarako prestatu 271 erakus-mahaitan.
Azokak argitalpen munduaren barne duen garrantzia ulertzeko, argitaletxe, diskoetxe eta urte guztian zehar baztertuta edo erdi-ezkutuan aritu diren bestelako erakunde txiki zenbaitentzat, presentzia aldarrikatzeko lekua dela zehaztu behar dugu. Ekimen txikientzat eta zabalpen duin bat izateko zailtasuna duten produktuentzat, ezagutzera emateko aukera interesgarria den bezala, arnasa hartzeko bidea da azoka hau beste proiektu batzuentzat. Ekimenak iraunarazteko eta mantentzeko arnas ekonomikoa ez ezik, profesionala ere baden hatsa ematen du bilkura honek, urtean egindakoa, kulturarekiko urte guztian arretarik ez duen jende baten aurrean aurkezteko aukera ematen baitu.
Eta hori da, azokaren beste puntu interesgarrietako bat: bertara hurbiltzen den pertsona kantitateaz gain, honen aniztasuna. Badira nobedadeak ikustera doazen irakurle eta entzule finak, baina baita azokaren aitzakiarekin lagunekin elkartzera doazenak ere. Azken hauek, normalean liburu dendetara joateko ohiturarik ez badute ere, zer edo zer erosten dute azokan. Azken faktore hau da, azokaren arrakastetako bat.
Editore eta egileen artean ez dira gutxi azokak urtez urte lortzen duen oihartzunarekin harritzen direnak, baina ezta azoka arrakastaz hil aurretik zenbait arlo birplanteatzea eskatzen dutenak ere.

Azokarekiko zalantzak, azokaren itzalak
Iazko ekitaldiaren ostean, Gerediaga elkarteko antolatzaileek aitortu zuten, azoka honek oraindik ere zer hobetu bazuela eta azken urtean azokak hartu duen dimentsioa dela eta, asko direla ekitaldiari bere burua definitzeko eskatzen diotenak. Ez alferrik, haserako helburuak bere horretan jarraitzen badu ere, lehenago aipatu bezala egoerak aldatu egin dira eta.
Ekitaldiaren beharrezkotasuna ukatu gabe, asko dira azokaren inguruan eta honen oihartzuna baliatuta antolatzen den parafernaliaz kexu direnak. Euskal “meka” bihurtu den, medioetatik sustatutako tradizioa bilakatu den, Durangoko azoka urteko kultur produkzioaren espejismo bat ote den eztabaidatu izan da medioetan. Gainezka egiten ari denaren sentipena ere sortzen ari da, kultur ekimenez kanpoko produkzioa ez ote den azokaren irudia desitxuratzen ari.
Gero eta ozenagoa egiten den jarrera kritiko bat ere agertzen hasi da. Bernardo Atxagak Bilbon iragan urtearen amaiera aldera eman zuen hitzaldian azpimarratu zuen : “Durangoko azoka euskal kulturaren panazea dela esaten du batek baino gehiagok, eta dena ondo doala uste dute. Baina, nire ustez, azokan saltzen diren euskarazko liburuen, diskoen eta bestelako produktuen kopurua aztertzea badugu, kopuru txikia da.”

Zertan bilakatu da? zertan bilakatuko da?
Baina ez dira salmentari buruzkoak zalantza eta kezka bakarrak. Zer saltzen da? Saltzen den guztia irakurtzen eta entzuten da gero? Durangoko azoka gehiegi puztu den puxika da? Zertan bilakatuko da Durangoko azoka? Zer paper jokatzen dute azokaren barne euskarazko lanek? Euskal azokak tokirik eskaini behar die erdaraz kaleraturiko lanei? Azokaren data egokia al da? Beste azokarik ez al litzateke egin behar? Ez al du garrantzia gehiegi bereganatu eta kultur produkzioa gehiegi baldintzatu?
Iragan urteko Durangoko azoka amaitu bezain laster eta balorazioei ekiterako garaian, aurtengo edizioa trantsiziozkoa izango zela iragarri zuten, datorren urterako Durangoko azokak eraikin berria izango duelako. Eraikin berriarekin, garai berri bati ere ekingo zaio baina. Eta lehengo galderak berean dirauten ikusi beharko da. Baina hori datorren urtean izango da.

Uholdetik salbatu beharrekoak
Azoka udazkeneko nobedadeen erakustokia dela esan dugu lehenago. Aurtengo azokak ere, bere uzta propioa dakar eta bazter lanen uholdean ez galtzeko gomendio batzuk ematen saiatuko gara:
“Entzun” musika aldizkariak, formatu berrian oraingoan, ale berri bat kaleratuko du orain artean bezala Euskal Herriko eta atzerriko musika berriak jorratu asmoz. Eta azpimarratuko duten lanetako bat, ziurrenik, Bonbereneak hainbat artisten kantu argitaragabeekin kaleratu diskoa izango da. Metak etxeak kaleratu, Sorkun eta BED proiektuaren hirugarren alea ere aipatu beharreko lanak ditugun bezala. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratu Split 77 taldekoen lehen diskoa den “Antenna” lanak eta Tapia eta Leturia bikoteak bide tradizionaletik egindakoa ere merezi ditu entzuketa batzuk. Han izango dira ere, Olatz Zugastiren “Elearen lainoa”eta Joserra Senperenaren diskoa Elkarlanean etxearen standean. “Tijuana in blue”ren berrargitalpen digitalizatua Oihuka etxeak eta Gor disketan Jousilouli taldearen lanak ere azpimarratu beharrean gara.
Literaturak ere, beti bezala, garrantzia handia izango du. Poesiaren arloak bereganatu garrantzia aipatu nahi dugu lehenik. Fenomeno honen adierazgarri direlarik jarraian aipatuko ditugun Ana Urkizak Elkarlanean argitaletxean kaleratu “Bazterreko ahotsa” edo Juan Kruz Igerabidek Alberdania argitaletxean kaleratu “Mailu bat” lanak. Garrantzitsua izango da ere, Genaro Almeyda Cabo Verdearraren lanaren itzulpena Txalaparta argitaletxean eta Susa Argitaletxeak kaleratu Xabier Mendigurenen berredizio eta bilduma (16 ipuin amodiozko).
Durangoko azoka, urte guztian lehor eta sikua den kultur mundu batean gertatzen den uholdea da. Durangok produktuen masifikazioa dakar. Obra eta lan on asko geratzen dira merezi duten arretarik eskaini gabe. Eta hori, bisitariak deskubritu beharreko aurkikuntzak dira.