hurrengoa
Adi osagaiei! Kontserbatzaile, koloratzaile eta gehigarriak. pekos pantxinet   Lasai. Pekos Pantxinet ez da higienista bihurtu. Hau ez da izango matraka sasi sektarioa. Hala ere, eguneroko bazkarietan, bitamina, hidrato, proteina eta mineralez gain, ezezagunak zaizkigun beste substantzia batzuen berri eman nahi dizuet. Edozein produktu erosi eta osagaien zerrendari erreparatu ezkero, hizki eta zenbaki dantza nabarmena somatuko duzue.
E470, E471, E472 osagaiak adibidez, gantza azidoetatik ateratako diglizeridoak dira. E339 emulsio eta antioxidatzailea da eta E321 antioxidatzaile kimikoa. Guzti hauek liseriketa aparatuan eragin zuzena izaten dute. Eragin zuzen eta ez hain zuzen osasuntsua.
Azken urteotan hainbat E desagertzen ari den moduan, elikagai ekoizleek, zapore sustatzaileen erabilera areagotu dute. Zapore sustatzaileak, lehengaietan eta bereziki supermerkatuetan erosten ditugun aldez aurretik prestaturiko bazkarietan topatzen ditugu. Glutamato sodikoaren moduko zapore sustatzaileek zuzenean eragiten diote garunari, gure gustu papilen lana artifizialki indartuaz.
Zertarako erabiltzen diren aipatu dugu. Zergatia? Erraza. Zapore sustatzaileen erabilerarekin asko merketzen delako produktua: kalitate eta kantitate eskaseko lehengaiekin probetxu handia ateratzen da.
H5805 da zapore sustatzaile erabilienetakoa. Erosketa egiterakoan, freskagarri, konfitura, txokolate, saltsa, haragi kontserba, eta gehien bat aldez aurretik prestaturiko jakiei erreparatu.
Ez dugu kontserbatzaile, koloratzaile eta gehigarrien kontrako kanpaina lorejalerik hasi nahi, baina guzti hauen aurrean, elikatze osasuntsu eta zaporetsuago baten aldeko aldarrikapena egin nahi dugu. Nola? Erraza da. Lehengaia ugari eta kalitate onekoa erabiltzea. On egin.