hurrengoa
dragoiaren hegoak    Qin dinastiaren lehen enperadorearen aginduz hasi ziren harresia eraikitzen atzerritarrak euren lurretan ez sartzeko. Milaka urteetan atzerritarrak harresiaren beste aldean mantentzea izan zen agintarien lehentasuna. Orain ordea, guztiz kontrakoa egiten ari dira Qin enperadorearen ondorengoak. Kanpotarrak Txina erakartzeko ahaleginean, mende berriko pieza arkitektonikorik esanguratsuenetakoa eraikitzen ari dira: Beijing-ko aireportua. Amaitzen dutenean (datorren urtean Txinan ospatu behar diren joko olinpikoetarako amaituko dute) munduko aireporturik handiena eta aurreratuena izango da. Norman Foster & Partners arkitekto britainiarraren estudioak diseinatu du dragoi erraldoi bat irudikatzen duen aireportua.
Aireportuek, "ezlekuen" zerrendan postu nabarmena izan dute beti. Askotan entzun dugu berdin diola munduko zein tokitan izan, aireportuek beti dutela itxura berdina. Baieztapen hori ez da guztiz egia. Era batera edo bestera, aireportuak beti izaten dira herrialdeen isla. Fosterren proiektuak aireportu berriaren eraikuntzan eta honen etorkizuneko funtzionamenduan garapen sostengatuaren aldeko apustua egin du: karbono emisioak ahalik eta gehien murrizteko sistemak, eguzkiaren argi indarra profitatzeko panelak, aire egokituaren erabilera saihestuko duten leihoak,... Hori da behintzat Elizabeth erreginaren Sir honen arkitektura estudioak saltzen duena. Txinatarren lan gaitasuna, beste behin, beldurgarria suertatzen zaigu (txinatarren lan baldintzak bezalaxe). Duela 3 urte eskas hasi ziren aireportu berria eraikitzen eta aurreikuspenen arabera datorren urtean 43 milioi pertsona jasoko ditu.
Beijingo aireportu berriak “Blade Runner” eta “Ghost in the Shell” dakarzkigu gogora. Ia konturatu gabe, zientzia fikziozko estetikatzat genuena "haragitu" egin zaigu. Guk ez dugu zalantzarik, extralurtarrak datozenean Beijing-ko aireportua aukeratuko dute lur hartzeko.