hurrengoa
anari izan    10 kantuz osatutako Irla izan disko berria aurkeztu du Anarik. 10 kantu horietan orain arte ezagutu ditugun Anari guztiak biltzen dira eta, era berean, Anari berriak deskubritzen ditugu. Soinua ezberdina da, baina Anariren soinu bereizgarria izateari utzi gabe. Anariren irla hau inguratzen duten soinu itsasoek, ekaitzetik barealdira azkarrago pasatzen dira, mareak biziagoak dira, olatuen indarra mudagarriagoa. Anariren nortasun ikurrak saihestezinak dira, hala ere. Diskoaren aurkezpenean, irla honetara txoririk ez eramateko ahalegina egin duela onartu zuen, baina zuhaitzek jarraitzen dute dagokien tokia izaten, eta eskuek, eta goseak, harriek, aingurek, hegoek, denborak, arrainek, itsasoak, irratiaren doinuak, ertzek, amildegiek.... Irla izan diskoko kantuak lehendabiziko aldiz zuzenean entzuteko aukera izan genuen, politikoek lurperatu berri duten Gaztemaniak-ek antolatutako Donostiako kontzertuan. Aretoa gainezka. Musikariak eskenatokira igo eta hitzik esan gabe hasi ziren Irlaren inguruan nabigatzen. Eta haserako gitarra doinuekin iritsi zen lehen galdera:

baina, nor da Anari?
Anari talde bat da. Hainbat itsasotan nabigatu duten musikariez osatutako taldea. Barkuaren baterian Mikel, baxuan Drake, gitarran Borja, eta leman, gitarran, pianoan eta ahotsean Anari. Azken disko honetan Karlos Txap ere partaide izan dute gitarran eta ekoizpenean, bai eta Maite "Mursego"-ren txeloaren sirena doinuak ere. Anari tripulazio bat delako. Tarteka nabigatzaile berrien laguntzaz ekaitzari aurre egiten diona, tarteka lemazainaren ahotsaz ur bareagoetan barneratzen dena. Utz dezagun albo batera mariƱelei barrea besterik eragingo ez dien poesia merke hau. Anari rock taldea delako. Soinu, kantu eta ahots berezi eta bereizgarria duen talde bat. Eta honek bigarren galdera bati irekitzen dio atea.

anaririk gabe Anari?
Ez litzateke Anari izango. Anari Alberdi duela 12 urte azaldu zen disko biluzi eta liluragarri batekin, eta harez geroztik ibilbide propioa garatu du. Anarik erabaki zuen, Anari bakarlari izateari utzi eta Anari talde bihurtzea. Egun, Anari ez litzateke den taldea izango lehen aipatutako partaideak gabe. Mosketeroen moduan, bat guztientzat eta guztiak batentzat. Baina Anari Alberdi da Anariren oinarri nagusia. Berak idazten ditu kantuak eta berak ematen die ahotsa eta irudia.

Kontzertua aurrera doan heinean, eta disko berriko kantuek aurreko lanei atea irekitzen dioten unean, jabetzen gara, beno, ez da egia, aspaldian jabetu ginelako, Anarik flamenkoek aipatzen duten "duende" hori duela. Definitzen ez dakigun hori. Kantuen artean mikrofonoan hitzik esan gabe, entzulegoa isilik eta zain duen hori. Gure buruari Anari zer den galdetzea bultzatzen digun zera hori...