hurrengoa
begiak mintzo harkaitz cano   “begia, egia” dio esaera zaharrak 1/ Eta nire buruari galdetzen diot, zergatik suertatuko ote zaigun askoz ere errazagoa begi marroidun bati gezurra esatea, begi urdin gardenak dituen norbaiti gezurra esatea baino. Begi marroidunari begira, tunel ilun baten erdian sentitzen garelako, akaso, eta iluntasuna koartada erosoa delako gezurtiarentzat ihes egiteko, harrapatua ez izateko? Begiurdinak komisaldegiko sabaitik zintzilik dauden argiak piztuta dituelako etengabe?
Kaoba koloreko idazmahaiak eta hormetan dauden unibertsitate diploma zaharkituetako marko ilunak dira begirada honen habitat naturala. Begi marroi hauen jabea moluskuen mundutik gertu dago, bildua dago bere baitara, marraskiloa bailitzan. Esnatzen garenean oraindik hor dagoen dinosauru lasaia da. Begiratzeko egindako begiak dira, begiraleak, eta ez begiratuak izatekoak. Voyeur begiak dira, inondik ere, zurrupatzaileak: marraskiloaren oskoleko espiralak bezala, irentsi egiten dute ikusitakoa. Zerbait iluna eta gordea babesten dute eta ez dute askatu nahi. Begirada hori ezagutzen saiatu arren, inoiz ez gara zulo beltz horretan dagoena ikustera ailegatuko.

2/ Mendiko errekarriak hemen. Eskuin aldean, ke gorria bezala goraka doazen zainak: ke gorria begietan arkeologia egina. Rolling Stone begiak, gastatuak, higatuak, uretatik sartuirten asko egindakoak. Norbaitek erreka ertzetik hartu eta uretan bat-bi-hiru aldiz jauziarazten du errekarri zapal, gastatua, forma hori eman arte.
Marx anaiek "Go West" filmean lokomotora martxan mantentzeko treneko bagoietako egurrezko horma eta eserleku guztiak txikitzen zituzten, galdaran erretzeko egurra izango bazuten. Begi honek ere horixe egin du: bere burua salbatzeko, premiazkoa ez zuen ekipaia guztia erretzen joan da urteen poderioz. Horregatik eraztun itxurako zanga horiek, lubaki huts horiek begiaren erretagoardian.

3/ “Kontuz begi urdinekin!”, gaztigu horrekin amaitzen zuen Tristan Tzarak bere poema dadaistetako bat.
Itzul gaitezen, ordea, gezurraren kontura. Zergatik da hain zaila begiurdin bati gezurra esatea? Ispilua delako begiaren gardena guretzat? Itsaso bareari eta zeru azulari ezin zaiolako gezurrik esan?
Gure lagun ateo batek elizatik ezkondu ahal izateko bataiatzea erabaki du berriki. Aita haserretu egin zaio: “Hainbeste urte borrokan eta orain bataiatu egin behar duk?”. Bere erantzuna: “Etsaia horaila bada eta begi urdinak baditu...”. Eta aitak: “Litekeena da nazia izatea: afusilatu egin beharko litzateke”. Kontua da, begiurdina ikusi orduko geratu zela gure laguna bataiatuta. Hori aita guztiek ulertu behar lukete.
Begi urdin hauen jabeak ondo asko daki norbait begira duela. Nola ez du bada norbait begira izango, Los Angeleseko etxe unifamiliarretako piszina bi izanda aurpegian? Oina bertan sartu eta hondoa ukituko dugula uste dugu, baina ilusio optiko bat da, tranpa hutsa: berehala dugu ura lepotik gora. Joseba Sarrionandiari kasu egin behar, halakoetan: “Zure begietako irla beltzera,/ igerian ailegatzerik ez dudanez/ zure begietako zurian / poemak ikazten ditut”

4/ Leherketarenak. Erradioaktiboak. Hiroshima estiloko begiak. Tximistak jo berri duen tximistorratza. Espermatozoide kabestroak tupustean jo berri duen obulua. Sorkuntzarako indarra, puri-purian. Begirada lehergarria duenak, lehergarria behar izaera ere. Van Goghek nini hauen tintontzian pintzela sartuko luke begiok eskura izango balitu, gero eguzkiloreak pintatzeko. Hobe Jupiterren sateliteen itxurako begi hauen jabe sutsuekin ez eztabaidatzea. “Hemen nago, horrelakoa naiz, ez dizut ezkutatzen nire akatsik, ez dut nire bertuteak ezkutatzen zertan ibili”, esaten digula dirudi.
Zalantza bat baino gehiago sortzen da, hala ere: non dago Hiroshima estiloko begi hauen gainean lehergailua bota zuen hegazkin pilotua? Ze koloretako begiak zituen? Eta batez ere: itxi al zuen begietarik bat, bederen, lehergailua zehazki zein puntutan erortzen utzi behar zuen hobeto kalkulatzeko?

Erreflexu Anitzeko Iridiologia
testua: F. Javier Echavarren Lezaun. Javier I. Echavarren Otin

1.- GIZONA. 43 URTE.
Genotipo Iridiano Morbosoa eta zirkulazio txarrekoa. Artikulazioetan eragiten dio batez ere. Gerri aldean mina eta beso eta hankek lo hartzen diote sarritan. Artritis edo artrosia izateko joera. Gaizki sendatutako katarroak pairatu ditu eta birikan orban bat utzi diote. Haurtzaroan otitis-a izan du. Aipatutako Genotipo Morboso eta zirkulazio txarrarekin, eta elikadura apropos eta ohitura osasuntsu batzuen ezean, bataz besteko altu batean artrosia adin goiztiar batean pairatzeko arriskua du.

2.- EMAKUMEA. 60 URTE
Bereganatutako gorpuzkera nerbiosoa. Istripu bat izan zuen aspaldian eta hanketan eragin zion bereziki. Hezurretan odol zirkulazio txarra izanik, istripuaren eragina latzagoa izan zen eta gainera ebaketa gelan birus bat hartu zuen. Horren ondorioz, hezurretako mina pairatzen du une oro.
Sabel puztua, odol zirkulazio txarrak eragindako nerbio alterazioengatik.
Arrazoi genetikoak direla eta min arina izaten du ezker begian.

3.- EMAKUMEA. 23 URTE.
Bere joera genetikoak Sarta zeinu Iridiano borobilaren deribazioaren eraginez pairatutako alterazioak azaltzen dizkigu.
Bere gantz ehunetan alterazio bat duela argitzen digu eta zahartzaroan kolesterola izateko joera duela. Gainera Sarta zeinu borobilaren asoziazioak eta oxigenazio txarra biriken inguruko zonalde topografikoaren azalaren, errepikapen ugariko katarroak sortzen dizkio. Bizkar hezur ahula du. Gerri aldean nabarmenagoa da ahultasuna eta, min gehiago izaten du bertan.

4.- EMAKUMEA. 39 URTE.
Artropatiak orno zerbikaletan Mancha eta Laguna zeinuak adierazten dutenez.
Arazoak arnas sisteman bronkio eta biriketan Canal eta Laguna irekia zeinuetan ikus daitekeenez.
Tripako mina eta zirkulazio txarra Cuña zeinuak adierazten duenez. Hesteetan ere ahulezia Laguna zeinuak proiektatzen denez. Hanketan makaltasuna. Laguna zeinuak, normalki, oinarri genetikoa izaten dute. Hauek, bizitzako lehendabiziko hilabeteetan azaltzen dira eta pertsonaren ahulezia nabarmenenak adierazten dizkigute.