thebaldian: xi
irudia
Nixau Kalahari desertuan jaio zen. Ez dago jakiterik noiz, hango biztanleek ez dutelako halako gertakizunik erregistratzen.

70eko hamarkadaren amaieran, Kalaharin barrena lasterka zebilela, Jamie Uys zinema zuzendari hegoafrikarrarekin egin zuen topo.

Uys The Gods must be crazy filmerako protagonistaren bila zebilen, eta Nixau konbentzitu zuen filman parte hartu zezan, 300 dolarren truke.

Nixauk edukazioz paperak hartu bai, baina Uys-ek alde egin bezain pronto bota egin zituen.

Filmak arrakasta itzela izan zuen mundu osoan, eta Nixauk bidaia ugari egiteko aukera izan zuen. 1989an filmatu zen sekuela, eta bera izan zen errepikatu zuen aktore bakarra.

Hong Kong-eko ekoizle batek eskubideak erosi zituen, eta ondoren egin zituzten filmetan ere hartu zuen parte: Crazy Safari (1991), Crazy Hong Kong (1993) eta The Gods must be crazy in China (1994).

Nixau Kalaharira itzuli zen, etxera bueltatzeko garaia zela erabaki zuenean. Han hil zen 2004. urtean, tuberkulosiak jota.