hurrengoa
nuevo catecismo católico/ncc: rock’n roll-ari, fideltasunez. teresa sala   I  yudania Dibertsioa. Jarrera. Rock'n'Roll. Musika. NCC. Edo Nuevo Catecismo Católico. Dotrinari burla. Ironia. Askea delako. Izateko eta jokatzeko eraren biziraupena. Zinezkoa. Rock `n´ Roll. Berriz. Hamabi urte igaro dira jada. 1992ean, bekatuak egunean izatearen desioari jarraiki, Vatikanoak Kristau Ikasbide Berriak plazaratu zituen. Barregarria iritzi zitzaien notizia eta argia ikustear zegoen musika taldea izen berarekin bataiatzea erabaki zuten. Zergatik ez. Praktikotasunari begira, NCC hizkiak erabiltzeko parada eskaintzen zuen. Gainera, “Lords of the New Church”, “Blue Oyster Cult”, “God” edo “New Christs” idatziak zeuden rockaren memorian. Bekatari izatearen kontuak bakoitzak, ahal eta nahi badu, uler ditzala. “Ez dugu jendearen esker ona bilatzen, ezta onura ekonomikorik ere, ez gara gailentasunaren jarraitzaileak. Non egon nahi dugun jakitearekin nahikoa dugu. Agian, beste modu batean jokatuko bagenu urrutiago helduko ginateke. Baina, agian, ez ginateke elkarrekin jotzen arituko. Zure alde sortzailea gauzatzeko gai zarela ikustea, hori da poztasun handiena”. Rock musikari izatearen eta horretan aritzearen ordaina, Gonzalo Ibañez-en aburuz. Rock-zale edo rocker izateak zer suposatzen duen datorkio bati burura. Izanen da zerbait eta antzematen zaie, beraiei, jeans, larruzko-jaka, boogie zapatak, txapak, orrazkera konkretu edo Ramones izeneko kontsigna gailentzen duenik. Eta badago. “Pertsona konkretu batzuen arteko komunioa da. Badaude bizikleta edo xakeari esker elkartzen direnak, guri rock musikak batzen gaitu. Agian, honek inplikazio estetikoak dakartza baina ez dira premiazkoak. Azkenean, zure buruarekin eta egiten duzunarekin gustura sentitzeak ematen dio zentzua. Batzuk uste dute koadrila heldugabea garela baina pozik gaude garenarekin eta, egia esatera, ez dugu ezer hobeagorik aurkitu”.

Egun, hainbat aldaketa bizitu ostean, bost dira taldeko kideak, Gonzalo eta Arturo Ibañez, Iker Illarramendi, Eneko Etxeandia eta Arturo Zumalabe. Lagunak, Buenavistako eskola zaharretako lokaletan elkar ezagututakoak. Bizkarrean, zazpi disko, hainbat bilduma, ehunaka kontzertu eta bakoitzak aldez aurretik bestelako taldeetan izandako eskarmentua. Eskuartean entseguak, emanaldiak eta Europara bidaia. Etorkizunera begira, kontzertu gehiago, disko berriak, entseguak... Musika. Eta musikaren plazerra aski honetan jarraitzeko. Izan ere, NCC-k ez du hori ogibide, pasio baizik, rutinatik kanporatzeko giltza, eta bidea. “Musika ogibidea izango balitz agian ez genuke hainbeste gozatuko. Bizitzak dituen gainontzeko esparruek nazkagarri bihurtzen direnean musikari heltzen diogu guk, hor aurkitzen diogu zentzua. Musika izugarri gustatzen zaigu, baina inguruan baditu hain atseginak ez diren alderdi asko”, diote Buenavistakoek. Hala, ez dute manager, promozio edo kontratu hitzak entzun nahi. Urrian Europako hainbat eszenatoki zapalduko dituzte donostiarrek eta zein xede segitzen duten galdetzean garbi dute erantzuna: “nagusiki ongi pasatzera goaz, ez dugu publikoaren erantzun handia espero. Europan ez gaituztelako ezagutzen. Nola dagoen eta nola moldatzen garen ikustera goaz” . Lagunen bitartez antolatu duten bidaia izango da udazkenekoa, “diruagatik mugitzen ez diren ezagunak lagunduko gaituzte eta hori gogoa dutelako egingo dute”. Besteak beste, Bartzelona, Alemaniako hainbat hiri, Holanda, Italia, Belgika edo Frantziako hegoaldea bisitatuko ditu Nuevo Catecismo Catolicok, NCCk. Hemengo kritikari eta zaletu batzuen hitzak lapurtuz kontinentekoek “aparteko punk-rock”-a dastatzeko parada izango dutela esango genuke. Harat doaz eta zuzenean aurkeztuko dituzte. Beraien musika. Eta jarrera. On egin!

diskografia
“Nuevo Catecismo Católico” 1993
“En llamas” 1995
“Aún no habéis visto nada” 1996
“Generación perdida” 1998
“To hell and back” 1999
“Scarred for life” 2001
“100% Punk Rock Superfight”. Record produced together with the group Safety Pins. 2003

Urrian Europako hainbat herrialde bisitatuko ditu Nuevo Catecismo Catolicok. Donostiar punk rock-a dastatzeko parada izango dituzten hitzorduak taldearen webgunean aurkituko dituzue: