hurrengoa
natxo odriozolaren n-sistema ibon aranberri-ibon salaberria   I  asier larraza Injineru erromantikoa da Natxo Odriozola. Bizitza erdia darama industriarako egitura espazial erraldoiak eraikitzen. Bulegoetako giroaz aspertuta bere kabuz ikertzeari ekin zion behinola. Ez du oraindik Robinsonen sena galdu. Natura du inspirazio iturri, zuhaitzek enbor eta adarren arteko lotura guneetan osatzen dituzten jokuetan oinarritu da bere azken asmakuntzarako. Horrela sortu du N-Sistema berritzailea, materiale eta elementu aski ezberdinen arteko lotura funtzioa egin dezakeen “kaxa-magikoa”. N-Sistemaren korapilo trinkoen bitartez egitura bat era amaigabean haz daiteke puntu batetik bestera. Gainera oso errez munta eta desmunta daiteke. Honekin eraikuntzarako sistema malgu eta erabilera anitzekoa sortu nahi du. Oinarrietara itzuli, gauregungo materialeek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuz.
N-Sistema garatzen isilean hamar urte eman eta gero prototipotik ur handietarako jauzia eman du Natxok. Saiakera bat benetako eskala eta baldintzetan. Horrela jaso du kupula ireki bat Igeldoko labarretan. Naturaren behaketarako eta denborapasarako babeslekua.
Modernitateak gizarte aldaketa zuen helburu. Iraultza soziala eta izpiritu zientifikoa batera zioazen orduan. Antzeko baikortasuna dakarkigu burura Natxoren azken lanak. Baina xumeagoak dira ametsak. Haurtzaroan, basoko zuhaitzetan egin ohi diren “lehen eraikinen” antza soma dakioke. Elementu ezberdinak elkarri lotuta lortzen da zuhaitzeko txabola. Ideia edo irudi honen sofistikazio antzera ikus daiteke N sistemazko kupula. Bere inguru hurbila aldatzea besterik ez oraingoz.